Berriztu mugimenduak deituta, ehunka lagun elkartu ziren larunbat eguerdian Andre Maria Zuriaren plazan, Armentia-2 putzuan gasa ateratzearen aurka protesta egiteko. Era berean, bestelako energia eredu bat aldarrikatu zuten. Hogei bat plataforma batzen dituen Berriztu mugimenduak salatu duenez, Armentia-2 putzuaren ingurumen tramitazioa ebazteko Ingurumen Ministerioak duen epea urtarrilaren 27an bukatuko da. Hori dela eta, elkarretaratzea deitu zuten, "proiektu honen gauzatzearekin eta egungo eredu energetikoaren ondorioz bizi ditugun arazoekin kezkatuta gaudelako".
Mugimenduaren arabera, putzua arriskutsua da Subillako akuiferoarentzat, izan ere, Euskal Herriko lurrazpiko ur erreserbarik handiena dela gogorarazi du. Horrez gain, baimena emanez gero, "Araban ehunka edo milaka gas putzu" ustiatzeari ateak zabaltzen zaizkiola gaineratu du Berriztuk.