Bost minutu. Hori eutsi zuen Baskoniak Olympiacosen aurka Euroligaren 18. jardunaldian. Bost minutu horien ostean talde bakarra ikusi zuten lehian Bakearen eta Adiskidetasunaren pabiloira hurbildu ziren 9000 zale greziarrek: zuri-gorria.
Toko Shengeliak ezin izan zuen jokatu bere tibian zituen arazoak gainditu ezinik. Hala ere, Baskonia egoki kantxaratu zen, eta taldea lehen minutuetan greziarrei aurre egiteko prest zegoela bazirudien. Hangaren eta Tillieren sostenguarekin 11-13 jarri zen aurretik 5 minutu eta segundo bakarra falta zenean lehen laurdena bukatzeko. Hortik aurrera, 39-15eko partziala jasan zuen Baskoniak momentu horretatik eta bigarren laurdenaren bukaeraraino. Baskoniako jokalarien artean ez zen intentsitaterik egon partidua bukatu bitartean, eta gasteiztarren eta greziarren arteko puntu distantzia gero eta zabalagoa zen.
Gainera, Sfairopoulosenek haien defentsa izugarriaren beste erakustaldi bat egin zuten, eta haien izarra den Spanoulisen beharrik ez zuten izan Baskonia jipoitzeko. Erasoan ere oso fin ibili ziren greziarrak, eta Baskoniaren jokalariek uzten zituen zirrikituak oso ondo erabili zituzten puntuak pilatzeko. Horren aurrean ezinean ikusi zuten haien burua Sito Alonsoren mutilek. Gasteiztarrek Buesa Arenara 30 puntuko zakua ekarri, eta noski, garaipena eta Olympiacosekin basket-averagea han utzi zuten.
Bigarren itzuliko bigarren porrota
Estanbuleko Volkswagen Arenan Darussafakaren aurka galdu eta gero, Baskoniak Euroligan jarraian jasan duen bigarren porrota da hau. Hala ere, taularen laugarren postuan jarraitzen dute Zurbanokoek, hamaika garaipen eta zazpi porrotekin. Hala ere, hirugarren postua asko aldendu da azken bi jardunaldietan, izan ere, CSKAk, Real Madridek eta Olympiacosek haien partiduak irabazi dituzte eta hamahiru garaipenekin daude jada.
Oraindik ere Baskoniari Estanbuleko beste hiru partiduak eta Bartzelonakoa falta zaizkio besteak beste etxetik kanpo. Partidu hauen zailtasuna kontuan hartuta, etxeko partidek gero eta garrantzia handiagoa izango dute. Hori dela eta, hurrengo asteartean Sito Alonsorenek Buesa Arenan jokatuko duten partidua ezinbestekoa dirudi lehiaketa kontinentalean sentsazio onak berreskuratzeko. Aurkaria: Tel Aviven irabaztetik datorren Izar Gorria izango da, bere zazpigarren postuari eusteko helburuarekin. Ikusteke dago berriro ere taldeak izango duen berreskuratzeko ahalmena, tartean elurtutako Murtzian ACBko partidua ere izango duela jakinik.