Elurra heldu da Arabara

Erredakzioa 2017ko urt. 13a, 09:22
Elurra heldu da Arabako Lautadara. Irudia: @arroyabeeva

Arratsaldetik aurrera, elur-kota 500 metroan kokatu dela dio iragarpenak.

Elurra Araban agertu da aurten lehen aldiz. Lurraldeko zenbait puntutan elurra ari du, baina momentuz, errepide sarean ez da arazorik egon. Hala ere, hurrengo orduetan elurra izango dela dio iragarpenak. Tenperatura nabarmen jaitsiko da eta horrekin batera, elur-kotak ere behera egingo du. Goizean, 600-700 metrora egongo da eta baliteke arratsaldetik aurrera 500 metrora kokatzea.

Astebururako iragarpena dela eta, Aldundiak bertan behera utzi ditu larunbatean aire zabalean egitekoak ziren eskola kiroleko lehiaketak.

Asteburuan, hotza eta elurra

Asteburuan ere neguko giroa izango da nagusi. Larunbatean, euria egiten jarraituko du eta tenperatura are hotzagoa izango da, tenperatura maximoak 5ºC-tik behera geratuko dira. Baliteke elur-kota 400 metro inguruan egotea tarteka; arratsaldean igotzeko joera izango du eta 600 edo 700 metrora egon daiteke orduan. Mendi inguruetan izotza egingo du, Arabako zenbait lekutan ere tenperatura 0ºC azpitik egongo da noizbehinka.

Igandean, giro nahasiarekin jarraituko dugu. Egunaren hasieran hotz egingo du oraindik eta noizbehinka zaparradak botako ditu; egunaren amaieran elur-kotak gora egingo du eta euria sarriago egitea espero da. Egunaren hasieran elur-kota 800 metro inguruan egongo da. Arratsaldetik aurrera 1000 metro ingurura igoko da eta egunaren amaieran euria etengabe egingo du. Tenperaturan aldaketa handirik ez.

Gasteizen, elurrerako prest

Gasteizen, esaterako, Elurteetarako Planaren larrialdi aurreko fasea aktibatu du Udalak. Elurra kentzeko ekipoak prest dituzte suhilatzaileek, baita gatza botatzeko makinak ere. Agirrelandan, esaterako, 500 tona gatz eta 60.000 litro gatzun daude erabilgarri. Beharren arabera, 43 eta 237 pertsona bitartean prest dira elurrari aurre egiteko.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide