Osasun ona du Aleak

Mirian Biteri 2017ko urt. 12a, 13:00

Bi urte pasa dira Alea aldizkaria arabar euskaldunen etxeetara iritsi zenetik, eta urtebete, Alea.eus ataria sareratu zenetik. Bata zein bestearen emaitzek agerian utzi dute martxa onean doala proiektua.

Konturatu orduko bi urte igaro dira alea aldizkaria kalera irten zenetik. 2015eko urtarrilaren 16an ikusi zuen argia lehenengo zenbakiak eta orduz geroztik, asteroko maiztasunarekin, 87 ale gehiago argitaratu dira, besteak beste lantaldeari babesa ematen dioten 20 bat lagunen borondatezko lanari esker. Ez hori bakarrik. alea proiektu multimedia komunikatiboa izateko ahaleginean, pasa den urtean Alea.eus ataria jarri zen martxan; eta, nabarmendu behar da urtebetean oso emaitza onak jaso dituela webgune berriak.

Aldizkariaren tiradaren datuei dagokionez, 2.100 ale inguru publikatzen dira astero, harpidetza kopuruaren eta sustapen eta promozio ekintzen araberako tirada egokituz. Posta bidez, 900 inguru heltzen dira harpidedunen etxeetara; 100 bat banatzaileei esker, eta 40 kioskoetan jasotakoak dira. Beste 750 ale inguru Berria egunkariarekin batera banatzen dira; eta Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, euskaltegi edo ikastetxe bezalako toki publikoetan 350 bat aldizkari uzten dira, astero. Egutegiko jai-egun eta ospakizun berezietan gainera (Korrika, San Prudentzio, Araba Euskaraz, Gasteizko jaiak, Euskararen Eguna edo Gabonak tartean) tirada 5.000 aleraino iristen da. Urtean 44 zenbaki argitaratzen direla kontuan izanda, 110.000 aletik gora banatu izan ziren iaz.

3.938 irakurle

Audientzia neurketei erreparatuz gero, Jaurlaritzak euskarazko komunikabideen inguruan 2015ean egindako ikerketak ezagutarazi zuen alea aldizkariaren irakurleen kopurua 3.938 lagunekoa zela. Alea proiektuak une hartan urtebeteko ibilbidea besterik ez zuela aintzat hartuta, gizartean oraindik bere tokia egiten ari dela kontuan izanik eta ibilbide luzeagoa duten beste hedabide batzuekin alderatuta oso emaitza positibotzat jotzen da. Hedabideen audientzia zehazteko 8.109 inkesta egin ziren eta jasotako emaitzen artean 2.405 irakurlek aitortzen zuten azken alea irakurri izana.

Horrez gain, irakurlearen profila eta aldizkariarekiko dagoen interesa nolakoa den ikusteko aukera ere ematen du ikerketak; 2.405 irakurle horietatik 1.879 lagunek 10 minutu baino gehiagoko tarteaz irakurtzen dutela esaten baitute. Horrek esan nahi du aldizkariaren edukiak interesekoak direla eta ez dela gainetik begiratzeko aldizkaria bakarrik.

Asebetetze galdetegian 7,56ko nota

Bestalde, harpidedun eta irakurleen beharrak ahalik eta ondoen asetzeko asmoz, pasa den irailean ere zuzeneko harpidedun guztiek asebetetze galdetegia jaso zuten online formatuan eta 100 erantzunetik gora jaso ziren. Orokorrean, emaitzak oso positiboak izan dira; 2015. urtean jasotakoaren oso antzekoak. alea aldizkariari buruzko balorazio orokorra egiterakoan, batez beste, 7,56ko nota eman diote harpidedunek papereko argitalpenari. Kasu honetan ere zazpitik gorako kalifikazioa jaso dute ezaugarri gehienek, bik izan ezik: paperaren kalitateak eta alea proiektuak gizartean duen ezagutza mailak. Banaketari dagokionez, jasotako erantzunen ia erdiek behar bezala heltzen dela adierazi dute; batzuetan atzerapenez jasotzen dute ere badaude eta gutxi batzuk banaketan arazo larriagoak aipatzen dituzte.  

 

Harpidetza kanpaina

Jakina denez, Arabako gizartearen babesetik jaio eta garatuko den egitasmoa da honakoa. Proiektu ireki, anitz eta parte-hartzailea izateko sortutako egitasmo komunikatiboa da Alea, eta proiektuan parte hartu edo babesa eskaini nahi duen edonork beti izango ditu ateak zabalik.

Komunikazio proiektu osoaren bideragarritasuna bermatu eta eskainitako produktuen kalitatea hobetu ahal izateko, ezinbestekoa zaio Aleari publiko zabalago batera iritsi eta irakurle kopurua handitzen jarraitzea. Hori kontuan izanda, gizarteratze eta harpidetza kanpaina zabala jarriko da martxan datozen hilabeteotan, harpidetzak baitira proiektuaren oinarri.

Aldizkariaz gain, egitasmo komunikatiboa osatzeko eta gero eta arabar gehiagorengana iristeko asmoarekin, Alea.eus webgunea 2016 urtearekin batera sareratu zen; 2012az geroztik martxan zegoen Hirinet atari multimediaren lekukoa hartuz.

Gasteiztik Arabara egin du salto atari berriak; herrialdeko berriak jasotzen ditu, informazioa bi modutan sailkatuz: gaika eta kuadrillaka. Horrez gain, Komunitatea izeneko atala ere eskaintzen du. Bertan, norbanakoek eta taldeek kudeaketa gune propioa erabiltzeko aukera dute. Hirineten bezala, eduki multimedia ere eskura dago Alea.eus-en, eta bideoak, argazki galeriak eta audioak gordetzen ditu Hedabideak izeneko atalean. Arabako Euskararen Agenda eta askotariko zerbitzuek osatzen dute webgunearen eskaintza zabala.

Goranzko joera

Lehenengo urtean jasotako datuei erreparatuz gero, hasieratik goranzko joera izan du atari berriak; horren erakusle da amaitu berri den urtean bisita kopuruak nabarmen egin duela gora, Hirinetek 2015ean lortutako datuekin alderatuz gero: 94.267 bisita izatetik 148.139 lortzera pasa da. Ikusitako orrialde kopurua ere izugarri igo da urtebetean: 185.066 izan ziren 2015ean ikusitako orrialdeak, eta 310.888 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra begiratutakoak.

 

Webgune berriaren garapenean zeresan handia izan du beste eragile batzuen elkarlanak eta hasieratik hainbat hedabide, elkarte, enpresa eta norbanakok parte hartu dute webgunean. Kolaboratzaile sarea zabala da eta gaur egun 30 lagun baino gehiagok osatzen dute: kazetariak, soziologoak, bertsolariak, euskara teknikariak, kirolariak edo musikariak daude tartean. Bada, elkarlanaz gain, sare sozialek ere lagundu egin dute garapen horretan. Datu bat ematearren: 2015ean, Facebooken 843 jarraitzaile izatetik 1918 lortzera pasa da urtebetean. Twitter eta astero bidaltzen diren bi buletinen bidez ere bisita asko jaso zituen pasa den urtean Alea.eus atariak.

 

AleaFM, asteartero

Aldizkaria eta webguneaz gain, irratian ere bere tartetxoa izaten du proiektuak: AleaFM. Asteartero, 17.00etatik 18.00etara bitartean, Radio Vitorian emititzen den irratsaioa da hori. Arabako albisteak, elkarrizketak eta euskarazko ekimenen agendaren berri ematen dute bertan borondatez aritzen diren 20 kolaboratzaile inguruk. Irratian zuzenean entzuterik ez dutenek webgunean dituzte entzungai saio guztiak.

SolasAlean, Alberto Zerain

Horrez gain, bestelako proiektuak ere baditu alea-k esku artean; Oihaneder Euskararen Etxearekin batera garatutako SolasAlean, tartean. Arlo ezberdinetako pertsona ezagunak modu hurbil eta atseginean gehiago ezagutzeko aukera izaten dute saioetara gerturatzen direnek; iaz, esaterako, Ane Irazabal, Juan Jose Ibarretxe, Zuriñe Hidalgo, Iñaki Perurena, Joxe Mari Agirretxe Porrotx edo Jone Goirizelaia izan ziren elkarrizketatuak. Aurten, urtarrilaren 19an, Alberto Zerain mendizalea elkarrizketatuko dute EITBko kazetari Hodei Arrausik eta Salburuako Sarburu elkarteko kide Sonia Kintana Txaskok, eta, betiko moduan, publikoak nahi beste galdera egin ahalko ditu. Elkarrizketa irekia 19:00etan izango da, Betolaza aretoan.

Kantari

Horretaz gain, aurten lehen aldiz egindako eta ikusmina piztu duen ekimen berria ere badago: Kantari. Gaztetxoen artean euskarazko kantuak sustatzea helburu zuen ikuskizunean 172 ikaslek hartu zuten parte. Izandako harrera ikusita, aurten ere antolatzeko saiakera egingo dute proiektuaren sustatzaileek: GEU Elkarteak, Oihaneder Euskararen etxeak eta Aleak.

Agerian geratu denez, goranzko joera hartu du alea egitasmo komunikatiboak; eta bide horretan ezinbestekoa da izaera parte hartzaile horri eustea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide