Kultura, jalgi plazara

Naiara Lpz de Uralde 2017ko urt. 15a, 10:49
Jalgi jaialdiak askotariko ikuskizunak bildu zituen.| ALEA

Maiatzaren 23tik 29ra, Aiaraldea euskal kulturaren erdigunea bilakatu zen. Jalgi jaialdiak musika, arte plastikoak, antzerkia, bertsolaritza edota dantza bildu zituen, 65 ekitaldi artean, Euskal Herri osotik elkartutako artistekin.

 

Jalgi, euskal kulturaren plaza ibiltaria, kulturaren historia, egungo egoera eta etorkizunekoa erakutsi, hausnartu, eztabaidatu eta bermatzeko sortutako egitasmo kolektiboa da. Urtero Euskal Herriko eskualde batean egiteko intentzioarekin jaio zen udaberrian, eta bere lehen edizioa Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo artean ospatu zuten.

Bertan, Euskal Herri osoko eta kultur adierazpide guztietako sortzaileek hartu zuten parte, eta beren proposamenetan euskal kulturaren ikusgarritasuna eta transmisioa izan zituzten ardatz. Hala, Laudioko Lamuza pilotalekuan egindako aurkezpen ekitaldian inplikazio sakona sumatu zen, dozenaka herritar ez ezik, eskualdeko zein kanpoko sortzaile eta ordezkari politikoak bertaratu baitziren.

Astebetez musikazaleek hogei kontzertutik gora entzuteko aukera izan zuten Aiaraldean; tartean, Ruper Ordorika, Gorka Urbizu, Hesian, Xabi Solano, Joseba Tapia eta Anarirenak. Literaturari dagokionez, idazle eta ipuin kontalari ugari ere aritu ziren; besteak beste, Mikel Ayllon, Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta. Era berean, izen ezagunak egon ziren bertsolarien artean, Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Serapio Lopez eta Oihane Perea tartean. Eta aipatutako guztiez gain, antzerkia, dantza, ikus-entzunezkoak eta arte plastikoetako sorkuntzek ere lekua izan zuten Jalgin. 

Handik hilabete gutxira, Jazzaldiak 40. urteurrenean marka guztiak hautsi zituen. Mendizorrotza eta Principal antzokia jendez gainezka izan ziren, besteak beste, Kenny Barron eta Dave Holland, Jamie Cullum, Pat Metheny eta Ron Carter, Cecile McLorin Salvant, Tom Harrell eta Joshua Redmanen musikaz gozatzeko. Kontzertu horietaz gain, Canciller Ayala hotelean gauerdian emandako ikuskizunek ere publiko andana bildu zuten.

Baina, dudarik gabe, gero eta indartsuago dagoen beste musika jaialdia Azkena Rock da. Aurten, ekainaren 17 eta 18an, Mendizabalako zelan 30.300 pertsona baino gehiago elkartzea lortu zuen, eta horietako asko The Who talde britainiarra entzutera gerturatutakoak izan ziren. 

Britainiarrek eta gainontzeko musikariek eskainitako ikuskizun guztiak gogoan izanda, antolatzaileek hilabete batzuk daramatzate burubelarri jaialdiaren hurrengo edizioa prestatzen, eta dagoeneko ekainaren 23 eta 24an oholtza gainean The Cult, John Fogerty edota The Hellacopters egongo direla jakinarazi dute. 

Lautadan euskaltzaleak nagusi

Lautada aldean, bestalde, pausoz pauso sendotzen ari dena euskararen presentzia da. Izan ere, 2016an euskarari babesa emateko eta euskaltzaleak aktibatzeko balio izan duten bi ekintza nagusi izan dira Agurainen. Lehenengoa, ekainaren 19an, Lautada ikastolaren esku, Geroari begira lelopean ospatutako Araba Euskaraz izan zen; eta, bestea, azaroaren hasieran egindako 75 ordu euskaraz ekimena.   

Lautadak ez ezik, gainontzeko Kuadrillek ere abenduaren 3an  hamaika ekintza antolatu zituzten, euskararen egunean. Horietatik garrantzitsuenetariko bat Gasteizko Udalak Izaskun Arrue, Arabako ikastoletako lehen andereñoa izan zenari Euskaldun Berriaren plazan egindako omenaldia izan zen. Izan ere, Olabide ikastolaren sustatzaile nagusietako bat izandakoa, pasa den azaroaren 10ean zendu zen. 

Aldiz, urte osoa kokaleku bila bueltaka ibili ostean oraindik hala dabilena Gasteizko Kafe Antzokia da. Oihanederrekin batera euskararen arnasgune moduan planteaturiko proiektuak momentuz ez du hirian tokirik aurkitu. Hasiera batean Falerina lorategia edota Montehermoso jauregiko ur biltegia proposatu bazuten ere, azkenean Udalak tokirik aproposena Eskoriatza-Eskibel eta honen atzean dauden antzinako ostatua eta pilotalekua direla esan du. 

Hala ere, kokaleku horren kontrako hainbat iritzi izan dira eta, momentuz, Gasteizko Udalak ez du argitu bertan egingo den. "Orain proiektuak hanka bat du, Euskararen Etxea eta bigarrena beharrezkoa da euskaltzaleen arteko amets hori behingoz ikusi eta ukitzeko", aipatu zuen Iñaki Prusillak ALEA-n.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide