alea.eus

Arabako 17 herritatik igaroko da 20.Korrika

Erredakzioa 2017-01-10 13:50   Euskara  Araba

Arabako kuadrilla guztietatik igaroko da, Arabako Errioxatik izan ezik. Gasteiztik, esaterako, martxoaren 30ean igaroko da.

Gaur 20. Korrikaren ibilbidea ezagutarazi du AEK-k. Euskal Herri osotik pasako den euskararen aldeko herri-lasterketa erraldoia martxoaren 30ean hasiko da Otxandion, eta apirilaren 9an amaituko da, Iruñean. Aurtengo edizioa Arabako zenbait herritatik pasako da, besteak beste, Gasteiz, Langraiz Oka, Legutio, Kanpezu, Agurain, Laudio eta Murgiatik. Hala, lurraldeko kuadrilla guztietatik igaroko da,  Arabako Errioxatik izan ezik, aurreko edizioan gertatu bezala.

Zehazki, martxoaren 30ean, ostegunean Legutio, Gasteiz eta Langraiz Okatik pasako da. Hurrengo egunean, ostiralean, Argantzun, Bernedo eta Kanpezutik. Ondoren, apirilaren 7an, ostiralean, berriro sartuko da Korrika Araban, zehazki, Gorbeialdeatik, eta Gopegi, Murgia, Izarra, Amurrio, Arespaditza eta Laudio zeharkatuko ditu. Azkenik, hilaren 8an, larunbatean, Ozaeta, Dulantzi, Agurain eta Araia bisitatuko ditu euskararen aldeko ekimen honek.

Otxandiotik Iruñera

Ohi bezala, aurreko Korrika amaitu zen herrialdean hasiko da aurtengoa, Bizkaian. Otxandio izan da irteera emateko AEK-k aukeratu duen herria, martxoaren 30eko arratsaldeko 17:00etan. Egun horretan bertan lehenengo hiriburura ailegatuko dira korrikalariak, Gasteizera, hain zuzen. Arabatik jarraitu eta Nafarroara pasatu, hortik iparralderantz abiatu eta apirilaren 2an Donibane-Garazi bigarren mugarria joko dute, goizeko 11:00ak aldera. Arratsaldeko 17:24ean Baionatik igaro; Lapurdi eta Nafarroa Beherea zeharkatu eta Maule iragango du Korrikak, apirilaren 3ko 09:55ean. Nafarroa Beherea eta Garaiatik pasatu ostean, iparralderantz abiatuko da berriro eta hilak 4an Donostiara helduko da, iluntzeko 18:45ean. Hurrengo egunetan, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldea izango da nagusi, Bilbo hiriburu bizkaitarrera heldu arte ostegunean, hilak 6, 16:52ean. Lurralde guztietatik igaro ostean, Euskal Herriko lekukoak hegoaldea eskuz esku zeharkatuko du apirilaren 9ko goizean bere helmugara ailegatu arte: Iruñea. Mezuaren irakurketa eta amaiera jai handiaren hasiera goizeko 12:30erako aurreikusita dago, Sarasate pasealekuan.

Kilometroak erosteko

Korrikaren 20. edizioa izango da aurtengoa, BatZuk lelopean. Kilometroak erreserbatzeko aukera zabalduko da urtarrilaren 23an. Interesdunak Korrika bulegoekin harremanetan jarri behar dira besterik ez dute, kilometro zehatza hartzeko eta diru ekarpena egiteko. (Araban, 946 464 000 edo araba@korrika.eus helbidera idatziz).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa