"Lotsagarria da milioi bat euro gastatzea Artium museoan"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko abe. 24a, 06:00
Xabier Santxotena eskultorea

Hogei urte dira Xabier Santxotena eskultoreak Artziniegan tailerra zabaldu zuela; bertan erantzun ditu ALEAren galderak. Kritika zorrotzak egin ditu Jaurlaritzak zein Arabako Aldundiak kulturan egiten duten politikaren inguruan.

Hogei urte dira Xabier Santxotena eskultoreak (Bozate, Nafarroa, 1946) Artziniegan tailerra zabaldu zuela; adinarekin "abilidade gutxiago" dituela dio, lantzen ari den Graciana de Barrenetxearen eskulturak, ordea, kontrakoa erakusten du. Oteizaren dizipuluak eman du bere ibilbidearen eta eguneroko lanaren berri.

1997an zabaldu zenuen Artziniegan zure tailerra, eta 2010ean inauguratu zenuen tailer-museo bezala. Zer dela eta?

Parisera joan ginen bidai batean, eta Arte Garaikideko museoan, Pompidou zentroan dagoen Atelier Brancousi bisitatu genuen; hura ikusita zoratuta gelditu nintzen. Hasi ginen pentsatzen tailerra beste filosofia batekin zabaldu behar genuela, eta tailer-museoa egin. Oteizak zuen El laboratorio de tizas bezalakoa da museo hau. Sortze-prozesua erakusten diegu bisitariei, azalpenak ematen dizkiegu; hau bezalakorik ez dago inguruan. Lehenengo urratsa da bozetoak nola egiten ditudan azaltzea, gero nola moldatzen diren piezak, eta azkeneko pausua da tailerra. Hemen bozeto guztiak ditut, eskulturaren hasiera hor hasten da, ideia bat daukazu eta irudikatzen duzu zer egin nahi duzun, eta hasten zara ideia batekin, baina batekin ez da nahikoa eta hasten zara familia bat egiten...

Sortze-prozesua eta artistaren lana jendeari hurbiltzeko saiakera egin duzu?

Hemen ematen du artista dela pribilegiatu bat, eta artista da besteak bezalakoa; ni hasi nintzen Oteizarekin eskulturan, 1969. urtean, eta Oteizak esaten zuen artista guztiek egin behar zutela bere museoa, eta hemen egongo zela museo sare bat, eta hemen izango ginela munduko lehen herria artearen inguruan; baina hemen erakundeek beti trabak jartzen dizkigute, izorratzen dute herri guztia, eta artista izugarriak daude, eskultore izugarriak.

Non daude erreferente berri horiek?

Basterretxea, Mendiburu... Garai batean egon zen euskal kulturaren pizkundea, eta hori Arantzazurekin hasi zen. Oteiza eta Txillida izan dira oso bereziak; XX. mendean Oteiza izan da lehenena kasik munduan, eta Txillida nazioartean, baina bi horiekin akabo! horiek eta Guggenheim, eta akabo! Gobernuko diru guztia Guggenheimentzat izaten ari da. 

Eta Araban? 

Zer gertatzen da Araban? Zenbat kostatzen du Artiumek? Milioi bat euro, erosketarik egin gabe; aizu, lotsagarria da hori! Berriz, zuk eskatzen duzu zerbait museo hau martxan jartzeko, ez dirua, promozioa, eta ezetz esaten dute. Jaurlaritzaren Kultura departamentua Guggenheimen dago, argazkia egiteko, eta hori ez da kultura; kultura txikiak egiten du, artisauak egiten du, kultura egiten du burua lanean hausten duenak. Oso erraza da Guggenheim bezala, hotsandiko gauzak egitea. Zenbakiak, zenbakiak...milioi bat bisitari, baina joan zaitez oinarrian dagoenera, urkiarekin kaikuak egiten dituenarengana! Zer gara ba? Kakanarru mentalak! Oker dago gauza, asko ikasi behar dugu oraindik herri honetan. 

Zer behar da egoerari buelta emateko? 

Gogoeta egiteko garaia da. Hor goian egon behar da jende prestatua; ez ikasketak bukatu eta lanpostu ziur bat bilatu nahi duena, ekimena duen jendea behar da, zerbait gehiago egon behar da. Milaka eta milaka artista dago hortik, baina artistak laguntza behar du.

Zure egitasmoak, lan egiteko modua, nola aldatu dira azken urteetan?

Ni betiko moduan, bakarrik aritzen naiz lanean, eta nire egitasmoak ez dira aldatu. Gertatzen dena da gero eta zaharragoa naizela, abilidade gutxiago ditut; buruan proiektu asko ditut egiteko, baina muga daukat. Bestela ere, gaztetan bezala ari naiz, 12 ordu pasatzen ditut egunean lanean, ez bakarrik egurrean, astelehenean, asteartean eta asteazkenean egiten dut egurra, ostegunean goizean bozetoak eta arratsaldez zeramika, eta larunbatean goizean burdina; bitartean irakurri, zerbait idatzi…

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 87. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide