Paul Urkijo zuzendari gasteiztarra 'Errementari' filma grabatzen hasi da

Erredakzioa 2016ko abe. 12a, 13:53
Paul Urkijo zuzendaria, Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy aktoreekin batera.

Euskara hutsean grabatuko dute, eta XIX. mendean Araban hitz egiten zen euskara berreskuratuko du pelikulak.

Paul Urkijo zuzendari eta gidoilari gasteiztarraren Errementari pelikula grabatzen hasi dira gaur. Kinoskopik zine ekoiztetxearekin, Jose Miguel Barandiaranek jasotako Patxi errementaria ipuina pantaila handira eramango du Urkijok. Zuzendari gaztearen lehen film luzea izango da, eta Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy aktoreak izango dira pelikularen protagonistak.

Paul Urkijok azaldu bezala, txikitan haren ipuin gogokoena zen Patxi errementaria eta betidanik egin nahi izan du pelikula bat. "Errementari zital bati buruzko baserri giroko ipuin bat da, gizona hain da gaiztoa deabruek ere beldur diotela". Mitologia eta kondairen zale sutsua da Urkijo, eta lau urte daramatza proiektu honekin lanean.

Grabazioak hilabete eta erdi iraungo du, eta Euskal Herriko hainbat tokitan egingo da. Araban, esaterako, Korres, Antoñana, Kanpezu eta Miñaon grabatuko dute. Bizkaian, Muskiz eta Ubiden kokatuko da grabazioa. Gipuzkoan, berriz, Aizpurutxo, Itsaso eta Agorregin. Era berean, aurreko asteburuan pelikulan parte hartzeko figuranteak bilatzen egon dira ekoizpen taldeko kideek.

Arabako euskalkia

Errementari filma euskara hutsean grabatuko da, eta berezitasunen artean, Araban hitz egiten zen euskalkia berreskuratuko duela aurkitzen da. Zehazki, XIX. mendean Araban hitz egiten zen euskara da. Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikertzailearen laguntza jaso du Urkijok. Arabako Euskara liburuaren egileak euskalki horren ibilbide historikoa eta egungo euskararekiko duen aldea aztertu ditu, Gorka Lazkano itzultzailearen laguntzarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide