Aldundiak %8 handituko du aurrekontua 2017rako

Erredakzioa 2016ko aza. 14a, 13:51

473,5 milioi euroko aurrekontu propioa onartu du foru erakundeak. Gasteizen inbertsiotarako 2,5 milioi euroko sail berria zehaztu du.

Gaur goizean Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Jose Luis Cimiano Ogasun ahaldunak 2017rako aurrekontu proiektua aurkeztu dute. Arabako aurrekontu orokorra 2.335 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino %2,3 handiagoa. Honek barne hartzen ditu Estatuko gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako udal eta kuadrillei egin beharreko ekarpenak. Aurrekontu propioa, berriz, 473,5 milioi eurora igoko da, aurten baino 35,5 milioi gehiago, hau da, %8 gehiago.

"Ez da murrizketarik egongo, eta,  sail guztiek, inolako salbuespenik gabe, baliabide gehiago izango dituzte", argitu du Gonzalezek goizeko agerraldian.

Partida berria Gasteizerako

Inbertsiotarako, esaterako, 93,6 milioi euro izango ditu Arabak, izan ere, aurten atal hori %30 handitzea aurreikusten du proiektuak. Besteak beste, Gasteizerako  2,5 milioi euroko partida berria nabarmentzen da. Horrez gain,  1,2 milioi euro tranbia unibertsitate eremura eramateko lanak finantzatzeko bideratuko dute.

Gizarte Zerbitzuen Sailak gastuen aurrekontu errealaren %48,9 izango du. Zehazki, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak 193 milioi euro jasoko ditu, 2016an baino %4,5 gehiago.

Udalerrientzat, 209 milioi euro

Beste alde batetik, udalerriek 209 milioi euro jasoko dituzte, Fofel tokiko erakundeen finantzazio funtsaren kutxatik. Sail hori %5,7 handituko da aurten. Iturri guztiak aintzat hartuta 224 milioi eskuratuko dituzte Arabako udalek, aurten baino 11,5 milioi gehiago.

Bestelako sailak

Enplegua eta ekonomia suspertzeko, Foru Gobernuak  18,2 milioi euro gehio izango ditu, hainbat ekintza garrantzitsu aurrera eramateko. Besteak beste, Arabako industria sektorea sustatzeko 7 milioi euro, lurraldeko enpresa sarea berritzeko laguntza emateko 4,2 milioi eta Arasur-Jundiz-Foronda ardatza bultzatzeko 1,6 milioi bideratuko ditu. Gasteizko aireportuaren garapenerako, adibidez, 560.000 euro gastatuko ditu Aldundiak.

Bestetik, ezinduen artean enplegua sustatzeko 20,2 milioi euroko partida izango da. Kultura ondarea eta museoak zaintzeko 6,1 milioi aurreikusi dira eta beste 2,1 milioi euro zerga iruzurraren aurkako borroka indartzeko. Ingurumenari dagokionez, sail horretarako aurrekontua %2,2 handiagoa izango da. Euskara sustatzeko 11, milioi euroko partida prestatu dute. Gazteria sailarentzat, berriz, ia 6 milioi bideratuko dituzte.

Berdintasunaren arloan, bi sail nabarmendu dituzte; batetik,  2,1 milioi euroko zenbatekoa genero berdintasuna sustatzeko eta, bestetik, 1,5 milioi euro genero indarkeria jasaten duten emakumeak laguntzeko.

Baskonia eta Alaves taldeei dagokienez, saskibaloi taldeak milioi bat euro jasoko du; futbol taldeak, berriz, 1,6 milioi. Izan ere, zenbateko hauek klubekin sinatuko diren hitzarmenekin zehaztuko dira.

Zorpetzerik gabe

2017ko aurrekontuetarako Arabako Foru Gobernuak aurreikusitakoaren arabera, ez du zorra areagotuko. 2007. urtetik hona ez da halakorik gertatu. Horren harira Gonzalezek argitu du "2016ko aurrekontuan zorra sei milioi euro areagotzea aurreikusi bazen ere, azkenean ez da gauzatu". Horiek horrela, "zorra ez da handitu 2016an, eta ez da handituko 2017an ere". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide