Datorren astelehenean, hilak 7, 2017aren otsailaren 16tik 19ra Gasteizen egingo den saskibaloiko Errege Koparen abonamenduak salgai jarriko dituzte. Hasiera batean, ACBko hamazazpi klubeko bazkideek izango dute sarrera horiek erosteko lehentasuna. Azaroaren 9tik aurrera, aldiz, edozeinek erosi ahal izango du.
Sarrera merkeenak laugarren eraztunean egongo dira, 95 euroan. ACBk gaur konfirmatu bezala, sarrerak azken urteetakoak baino merkeagoak izango dira eta %57 maila merkeenean izango dira. 95 eta 115 euro artean egongo dira. Guztira, 11.700 abonamendu salgai jarriko dituzte eta lehiaketan sailkatutako talde bakoitzak 400 sarrera izango ditu eskura, beren bazkideen artean banatzeko.
Abonamenduak acb.com eta copadelrey.com webguneetan eta Endesa Ligan parte hartzen duten saskibaloi talde guztien atarietan eros daitezke. Abenduaren 31a baino lehen erosten dutenek %10eko deskontua izango dute. Era berean, Buesa Arenako lehiatilan edo Baskonia dendan ere egongo dira salgai.