Bidezko merkataritzaren aldeko apustua egin dute 19 dendak

Erredakzioa 2016ko urr. 20a, 12:44

Bidezko Merkataritza-Partzuergoak abian jarritako X0 Biderkatu kanpainarekin bat egin dute.

Gasteizko 19 dendak bat egin dute X0 Biderkatu kanpainarekin. Hori dela eta,establezimendu hauetako apaletan bidezko merkataritzako produktuak ikusgai bihurtuko dituzte. Lokal horiek zeintzuk diren jakiteko, kolore horiko eranskailu biribil bat jarriko da erakusleihoetan edo sarrera-ateetan.

Ekimena Gasteizko Bidezko Merkataritza-Partzuergoak jarri du abian; Medicus Mundi, Bide Bidean, Oxfam Intermon eta Setem Hego Haizea GGKEek osatutakoa. Gainera, Udalaren laguntza du proiektuak. Gaur aurkezu dute Abastos Plazako enogastronomiaren aretoan, eta bertan Jaione Agirre Garapenerako Lankidetza Saileko Zinegotzia, Ainhoa Bilbao Arkotxa Setemeko teknikaria eta Elena Suescun Tierra Viva dendako arduraduna izan dira hizlariak.

Zeroz Biderkatu kanpaina duela bi urte sortu zen. Oraingo honetan, hiriko establezimendu txikiekin batera lan egin du partzuergoak. "Kanpainari atxikitako 19 saltokiek garrantzizko rola jokatzen dute herritarrak bidezko merkataritzaren balio etikoez sentsibilizatzerakoan: genero-ekitatea, pobreziaren eta haurren esplotazioaren aurkako borroka, ingurumenaren errespetua edo gardentasuna".

Gasteizko zenbait adibide

Kanpainaren alde egin duten denden artean, Ortiz de Zarate kalean kokatzen den Osasunbizi aurkitzen da. Silvia Martin Fernandez de la Bastida kudeatzailearen esanetan, urteetan egin dute apustu bidezko merkataritzako produktuen alde, "haien atzean dagoen filosofiagatik: ez ditugu saltzen modan egoteagatik eta arrakasta komertziala izateagatik bakarrik; duten alderdi sozialagatik egiten dugu". 

Bestalde, Mariluz Villarrek, Zelai Alai dendaren jabe eta kudeatzaileak, aditzera eman du produktu bakoitzaren atzean dauden istorioak eta produktuen beren kalitate handia izan zirela bidezko merkataritzako produktuak hautatzera bultzatu zutenak (kinoa, txokolateak, azukrea, panela edo kafea, besteak beste), duela 8 urte hain zuzen, establezimendua ireki zuenean.

Miguel Reyes Fresa & Chocolate (Antso Jakitunaren kalean) kafetegiaren arduradunaren kasua bestelakoa da. Euskal Herrian betidanik bizi den kubatar horrek eta haren emazteak produktu ekologikoen nahiz bidezko merkataritzako produktuen aldeko apustua egiten dute gozogintzako produktu guztiak prestatzean, gero beren establezimenduan saltzeko, zailtasun ekonomikoak gorabehera, eta apustuak nolabaiteko arriskua duela dakiten arren. "Jendeak edozer egiten du dirua irabaztearren, baina nik ez diet bizkotxo edo pastel ‘pozoiturik’ eskaini nahi Gasteizko haurrei". Produktu kimikoz beteriko lehengaiez ari da, edo esplotazio-egoeran dauden ekoizle edo haur batzuek landutakoez.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide