Arabako erakundeek kereila kriminala aurkeztu dute martxoaren 3ko sarraskiagatik

Erredakzioa 2016ko urr. 19a, 11:41

Gertakariak argitzea eta gizateriaren aurkako krimenetatik eratorritako "erantzukizun penalak eta bestelakoak" exijitzen dituzte.

Gasteizko Udalak, Arabako Batzar Nagusiek eta Arabako Foru Aldundiak kereila kriminala aurkeztu dute gaur Gasteizko Justizia Jauregian, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan zen "sarraskiagatik". Neurri honekin, Arabako erakundeek egun horretan jazo ziren "erantzukizun penalak eta bestelakoak" zeintzuk izan ziren argitu nahi dituzte.

 Arabako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak kereila bateratua aurkeztu dute, eta Udalak berriz bere izenean egin du. Gasteizko Udalak testu bat onetsi zuen 2016ko martxoaren 18ko ohiko bilkuran. Bertan, Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera emateko asmoa agertu zuen, "gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien erantzukizun penalak eta bestelakoak eskatzeko, frankismoaren diktadurak gizateriaren aurka egindako krimenei buruz, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia barne”.

Arabako Batzar Nagusiek, berriz, testu berbera onetsi zuten 2016ko apirilaren 27ko osoko bilkuran. Arabako Foru Aldundiak, azkenik, eskaera bera berretsi zuen ekainaren 7ko Diputatuen Kontseiluak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide