Araban euskaldunen kopurua hirukoiztu egin da azken 30 urteetan

Erredakzioa 2016ko urr. 17a, 18:47

Arabako biztanleriaren %19,2 euskalduna da, eta %18,4 euskara ulertzeko gai da. Euskararen erabilera, aldiz, nabarmen igo da azken urteetan; %0,5etik %5,6ra.

 1981-2011 urteen artean euskarak izan duen bilakaera soziolinguistikoa jasotzen duen txostena argitaratu berri du Soziolinguistika klusterrak. VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 2016n EAEn bizi den 16 urte edo gehiagoko biztanleriaren % 33,9 euskalduna da, % 19,1 euskaldun hartzailea eta % 47 erdaldun elebakarra. Inkesta honek Arabaren hazkundea nabarmendu du bereziki, izan ere, 1991n Araban euskaldunak % 7 ziren eta gaur egun, ostera, % 19,2. Hau da, lurraldean azken 30 urteetan ia hirukoiztu egin da euskaldunen kopurua eta egun, Arabako biztanleriaren bostena da euskalduna. Gasteizen, aldiz, %17,9 dira euskaldunak. Era berean, Araban %18,4 euskaldun hartzaileak direla dio txostenak eta hortaz, Arabako biztanleen %37 euskara ulertzeko gai da.

 

 Adinaren araberako bilakaerari dagokionez, gazteenen euskalduntzea agerikoa dela dio inkestak. Araban, esaterako, 16-24 urte bitartekoen artean hamarretik sei baino gehiago euskaldunak dira (% 60,1). Hala ere, Araban gehiengo handiak du erdara lehen hizkuntza, %93, hain zuzen ere.

 

Erabilera, %0,5etik %5,6ra

 Euskararen erabilerari dagokionez, EAEn 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 30,6k euskara neurri batean ala bestean erabiltzen duela dio inkesta soziolinguistikoak: % 20,5ek euskararen erabilera trinkoa egiten du, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du eguneroko jardunean. Aldi berean, % 10,1ek euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago.

Araban, aldiz, euskararen erabilera trinkoa egiten dutenak % 5,6 dira, eta euskara erabiltzen dutenak, baina erdara baino gutxiago, % 8,9 dira gure lurraldean. Izan ere, azken urteetako bilakaera kontuan hartutik, nabarmen igo da euskararen erabilera Araban. 1991an %0,5ak erabiltzen zuen, egun, %5,6ra igo da.

 

Gorakadarik handiena, udal eta osasun zerbitzuetan

Oro har, EAEn euskarak erabilera-eremu guztietan egin du gora: etxean, eremu hurbilean eta eremu formalean. Azken 25 urteotan gorakadarik handiena eremu formalean gertatu da, bereziki udal eta osasun zerbitzuetan. Eremu formaletik kanpo, aipatzekoa da azken bost urteotan etxean euskararen erabilerak izan duen gorakada.

 Euskara sustatzeari buruzko aldeko jarrera

 Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrera ezagutzeko, EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleek hainbat esparrutan euskara sustatzearen alde edo kontra erakutsi duten iritziaren araberako tipologia eratu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Araban %53,4ak aldeko jarrera adierazi du.

Iñaki Martinez de Luna, Mikel Zalbide eta Xabier Erizeren hausnarketa eta analisiak biltzen dituen lan honek, hizkuntza-gaitasuna, hizkuntza-erabilera eta iritzi eta jarreretan jartzen du soa, arlo bakoitzean izandako eboluzioa eta etorkizunera begira aurreikus daitekeen testuingurua nolakoa den zehaztuz.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago