"Kantatzeko gogoak eta agertokiaren lilurak bultzaturik indarberrituta nator"

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko urr. 3a, 10:59

Joseba Tapia musikariak hamalau kantuz osaturiko zuzenetakoetarako proiektu berria aurkeztuko du ostegunean Gaztetxean, Besamotzak taldearekin batera.

Joseba Tapia soinu jotzaile, trikitilari eta konpositorea indarberrituta igoko da berriro oholtzara. Denbora luzez egon da zuzenean aritu gabe eta oraingoan, bere kantutegiko hamalau abesti hartu, egokitu eta Besamotzak taldearekin batera eskainiko ditu Euskal Herriko zenbait txokotan. Gasteizen urriaren 5ean izango da, Gasteizko Gaztetxean, Hala Bedik antolatutako Muinoko Hotsak egitarauaren baitan.

Proiektu berri batekin zatoz Gasteizera, Besamotzak taldearekin batera. Zertan datza?

Nire bakarkako diskoetatik  kantu zenbait hautatu, hamalu kantu hain zuzen eta zuzeneko bat prestatu dut Besamotzak taldekide lagunekin. Hamalau kantu, ukitu elektriko, rock usain, gitarra, baxua, jazpana eta guzti... Kantatzeko gogoa eta agertokiaren lilurak bultzaturik hemen nator indarberriturik mikrofono aurrera. Biloak urdintzen hasi zaizkit dagoeneko eta bigarren gaztaroan prest nator borrokara.

Zergatik hamalau horiek?

Hamalau kanturekin abiatuko naiz. Gehiago izan litezke. Berritze horrek biziberritu egiten du kantaria eta kantua bera. Sortzen jarraitzeko estakurua eta garuna martxan edukitzeko bide ezin hobea. Gainera gure rock bandara egokitze horrek tresna eta ahotsaren prestatzera zaramatza. Ederrak iruditzen zaizkit hamalau kantu horiek eta irudipena sortzen zait jendeak ere gustuko izango dituena.

Nola sortu zen egiteko ideia?

Sei disko argitaratuak ditut jadanik eta batez beste ehun kantu argitaratuak. Baina ez nituen kantu guzti horiek kaxa batean gordeta edukitzeko grabatu. Jendearen belarrirako baizik. Diskoetan entzunez edo zuzenekoetan kantatuz lortzen ahal dut egiteko hori. Gu kantariok horretarako lan egiten dugu: sortu eta kantatu; hautatu eta moldatu; zatarra edertu...

Nor izan duzu bidelagun oraingo honetan?

Gasteiztar bat jazpanarekin: Iker Uriarte. Aspaldiko ezaguna eta hainbatetan tentatzen ibilitakoa ni. Beratarra da Iñigo Telletxea eta baxulari trebea. Dani Narbarte Goizuetatik dator gitarra eta trikitixa bizkarrean. Denetarako balio du mutil honek. Soinu hartzailea ere gasteiztarra dugunez denak emanda arituko gara ostegunean Gaztetxean.

Zer topatuko dute, beraz, ostegunean Gasteizko Gaztetxera hurbiltzen direnek?

Bi talde ikusteko aukera: batetik Antton Aranburu hirukoan. Kanturen bat ere elkarrekin emango dugu gainera. Bestetik Besamotzak taldekoak ni neroni, Joseba Tapia buru dutela. Eta Gaztetxean ikusteko aukera gainera. Guretzat ez da edozein leku. Azkeneko Tapia eta Leturia Bandekoekin izan bai nintzen Gaztetxea bera arriskuan zegoelako eta bertan behera botatzeko mehatxupean egonik babeserako kontzertuan parte hartu genuen.

Gasteizen egon eta gero, zein beste leku bisitatuko duzue?

Urriaren 21 Azkoitian ariko gara, ondoren Osintxun. Azaroan Donostiako
Bukowsky aretoan eta abenduan Azkaraten eta Larrabetzun. Oraintxe hasi gara bira antolatzen eta beraz laster izango dugu informazioa osatua.

Etorkizunera begira egitasmo berririk?

Urrian liburu bat argitaratzekoa naiz trikitixa eta larreko musikaren irakaskuntzari buruzkoa. Halako gogoeta bat irakasle, ikasle eta gurasoei eskaini nahi niekeena. Gure ibilbide eta esperientzien ondoren lagungarri gerta daitekeelakoan.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago