Sei ekoizpen erakutsiko ditu Euskal Zinema Dokumentalaren asteak

Erredakzioa 2016ko urr. 3a, 10:10

Urriaren 3tik 8ra bitartean izango da. Emanaldien ostean, solasaldia egingo dute dokumental bakoitzaren egileekin.

Euskal Zinema Dokumentalaren bigarren astea ospatuko dute datorren astelehenetik larunbatera bitartean (urriaren 3tik 8ra), Vital Kutxa Fundazioak antolatuta. Jardunaldi bakoitzaren hasieran dokumentalaren aurkezpena egingo da, eta lana erakutsi ondoren, dokumentalari buruzko solasaldi-eztabaida bideratuko da. 

Oraingo honetan, sei izango dira erakutsiko diren lanak. Emanaldi guztiak  Vital Fundazioaren aretoan (Dendaraban) izango dira, 20:00etan, sarrera dohainik eta eserlekuak bete arte.

 

Egitaraua

Urriaren 3an, Gure Sor Lekuaren Bila

Josu Martinez zuzendariaren lana da. Narrazioa Hazparnen kokatzen da, 1965ean. Ikusmin ikaragarriaz estreinatu dute herriko zinema-aretoan Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumentala. Hurrengo hilabeteetan Ipar Euskal Herriko beste zenbait herritan erakutsiko dute, baita Parisen, San Frantziskon eta Dakarren ere. Bere aztarna, hala ere, laster desagertuko da eta denek ahaztuko du. Hirurogei urte geroago, Josu Martínez zinemagileak lan horren bilaketari ekingo dio.      

 

Urriaren 4an, Walls

Pablo Iraburuk zuzendua, proiektu honek harresi batek bere albo bietan daudenen bizitzan nola eragin lezakeen islatzea du helburu. Muga horietako lau baino ez ditu islatuko dokumentalak, eta gutxi dela dirudi, arduradunek azaldu dutenez, "gizateriaren historian inoiz ez da XXI. mendearen hasieran beste hesi, lubaki eta harresi inposatu". Hori guztia erakusteko, filmaren arduradunak lau leku adierazgarri aukeratzen saiatu ziren, eta Afrikako bat aukeratu zuten (Hegoafrika eta Zimbabwe artean), beste bat Europa eta Afrika artean (Melillako hesia), Amerikako ezagunena (Mexiko eta Estatu Batuen artean) eta beste bat Asian (India eta Bangladesh banatzen dituena).  

 

Urriaren 5ean, District zero

Pablo Iraburu, Pablo Tosco eta Jorge Martínez Mayoralen lana. Oxfamek eta Laguntza Humanitarioa eta Babes Zibilerako Europako Batzordearen Bulegoak ekoiztu duten dokumental horrek Maamun Al-Wadiren historia kontatzen du, mundu osoan dauden 59 milioi errefuxiatu eta desplazatuetako bat. Maamun Al-Wadik denda txiki bat du Zaatarin eta eskuko telefonoak konpontzen ditu bertan, bateriak kargatzen ditu eta bere errefuxiatu-esparru kideek oraindik Siriarekin dituzten konexioak berrezartzen ditu. Bere bezeroen bitartez ikusten dugu memoria-txartelen edukia: haien iraganeko biziztzak Sirian (zoriontasuna, egunerokotasuna eta familia-bizitza), baita gerra, suntsiketa, beldurra eta ihesaldia ere.    

 Urriaren 6an, Pelota II

Jorgen Leth eta Olatz Gonzalezen  dokumentala. Kirol horrek ondoen gordeta duen sekretuetako batean sakontzen du Pelota II lanak: partida bakoitzerako pilota onenen hautaketa. Jorgen Lethen Pelota (1983) dokumentala eredu, Lethen estetika xehetasun etnografikoaren erradikaltasuneraino eramatea proposatzen du Olatz González Abrisketak, eta behin betiko filma euskal kulturaren erritualen arteko nagusitzat jotzen denari buruz egin du.      

 

Urriaren 7an, Sagardoa Bidegile

Bego Zubiaren lana. Urtean lau hilabetez, urtarriletik apirilera, Euskadiko sagardotegiek milaka mahaikide erakartzen dituzte, bertakoak nahiz kanpokoak. Denek bete nahi dute tradizioa: tortilla, bakailaoa, txuleta eta gazta menua dastatu eta sagardoa edan txotx egitera gonbidatzen duen ahotsa entzutean. Hau tradizio modernoa da, sustrai sakonak dituena, eta dokumental horrek bidaia eran erakutsiko du: ibilbide geografikoa, kulturala, teknologikoa eta gastronomikoa, sorpresa eta guzti.  

 

Urriaren 8an, Mairuelegorreta; iluntasunetik argitasunera

Mikel Ezkerro zuzendariaren lana. Diktadura frankistan zehar, Manuel Iradier Txangolari Elkartearen itzalpean, hainbat jarduera abiarazi ziren, kultura tresna zutenak eta inposatutako itolarria apurtu nahi izan zuten, beste mundu eta pentsatzeko modu batzuetako aireak jasotzeko zirrikituak topatzeko. Honen estalpean, 1963an, Gorbeiako leize-zuloetan burutu zen euskal jaiaren lehenengo edizioa. Edizio horrek, batez ere, gure kultura eta hizkuntza aldarrikatzea zuen helburu, erregimenaren jarreren kontra. Horrela sortu zen ekimen hori, eta etenaldi batzuk gorabehera eta egoera politikoa eta soziala aldatu diren arren, oraindik ere egiten da, Zigoitia Euskaraz proiektuaren bultzadaz. Mairuelegorretako Euskal Jaia da, eta hitzordu horren iragana eta oraina dokumental bilakatu dira Mikel Ezkerroren eskutik.       

 

Egitarau osoa: Euskal zinema dokumentalaren astea 2016

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide