Milioi bat eurotik gorako zorrak dituzten zergadunen zerrenda argitaratu dute

Erredakzioa 2016ko ira. 30a, 10:03

Guztira, zordun handiek 161 milioi zor diote Arabari.

Aldundiak milioi bat eurotik gorako zorrak edo zehapenak dituzten zergadunen zerrenda argitaratu du. Izan ere, zerrenda honetan ez dira agertzen Diputazioarekin berriro ere zorra negoziatu dituzten enpresak edo zorra zatitan ordaintzeko akordioa lortu dutenak.

Guztira, zordun handiek 161 milioi euro zor diote Arabari. Zordun handiena Ros Casares Valentziako metalgintza taldea da. Guztira, 29,8 milioi zor ditu taldeak, kontuan hartuta Goya filialak aldundiarekin duen zorra. Bigarren zordun handiena Lendiz eraikuntza enpresa da, eta 4,5 milioi zor ditu. Norbanakoen artean hiru identifikatu ditu. Zordun handiena Macario Gonzalez da, 4,2 milioi euroko zorrarekin.

 Bizkaia eta Gipuzkoarekin koordinatuta, Arabako ogasunak bere web orriaren bidez eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialaren bidez (ALHAO) argitaratu du zerrenda. Helburua "foru gobernuak iruzurraren aurkako borroka areagotzeko egin duen apustua indartzea, hori delako haren lehentasunetariko bat".

  Hain zuzen ere, gaur argitaratu da 2016ko martxoaren 31ko dataz milioi bat eurotik gorako zorrak edo zehapenak zeuzkaten zergadunen zerrenda, baldin eta zor edo zehapen horiek ez badira eten, geroratu edo zatikatu. Zerrenda horretan zor edo zehapena zenbatekoa den ere agertzen da. 

 Gainera, Datuak Babesteko Legea betez, zordunei buruzko informazioa hiru hilabetez egongo da jendaurrean, eta epe hori amaitzen denean informazioa ez da eskuragarri egongo, ezta Interneteko bilatzaileen bitartez ere.

  Urtero argitaratuko da zerrenda hori, urteko lehenengo seihilabetekoan, eta aurreko urteko abenduaren 31ko dataz milioi bat eurotik gorako zorrak edo zehapenak dauzkatenak identifikatuko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide