Egia egi, ogia ogi, ardaua ardau eta bi eta bi lau

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Enciso 2016ko ira. 25a, 11:45

"Elikagaiak eta haien biokimika aztertuko dugu, elikagai bakoitzak erreakzio bakoitzean duen garrantzia"

Egia egi bada, elikadura-zientzia osasun-zientzia bat da. Elikadura kontu handiarekin hartzeko gai bat da, ez da broma. Eta esparru guztietan ikuspuntu kritikoa zorroztu behar badugu, elikadura kontuetan ere horrela izan beharko da. Milaka dira elikaduraren inguruan dauden mito zein gezur: "superjakiak" benetan "super" diren aztertuko dugu, baraurik zaudela buruz behera jartzeak zure gorputzarentzat zein "onura" ekar ditzaken ikusi eta odola zenbateraino alkalinizatu dezakezun azalari buelta eman gabe. Ironia ON.

Ogia ogi bada, gure gorputza kimika hutsa da. Eta zer dira ba jakiak kimika ez badira? Gure gorputzean sartzen dugun edozein gauza erreakzio kimiko bat sortuko du, bai ala bai, kontua da sartzen dugunaren arabera zein erreakzio mota sortu nahi dugun. Hainbeste behar ditugun bitamina zein mineral horiek erreakzio kimiko horien giltza dira, sustatzaileak besterik ez, erreakzio kimiko guzti horien artean oreka hori mantenduko dutenak. Elikagaiak eta haien biokimika aztertzeko unea hartuko dugu, eta elikagai bakoitzak erreakzio bakoitzean duen garrantzia.

Ardaua ardau bada, elikadura ere gozamena da. Plazer asko ditugu gure bizitzan, baina jateak sortzen diguna bereziki azpimarragarria da. Gure kulturan, beste hainbat kulturatan bezala, egoera sozial gehienak mahai inguru batean ematen dira. Elikadurak daukan garrantzi soziala ere aztertzen saiatuko gara. Elikadura kultura den bezala ikasten dugun zerbait da, beraz, elikadura hezkuntzarako bidea irekitzea ere izango da etorriko diren lerroen helburua.

Bi ta bi lau badira, elikatzen garen heinean kontsumitzaileak gara. Eta kontsumitzaileak izatera behartuta bagaude aztertu dezagun zein aukera diren hobeak guretzat, inguruko ekonomiarentzat eta, batez ere, ingurugiroarentzat. Elikadura subiranotasun bideak aztertu eta bertako eta sasoiko produktuen zerrenda aurkezten saiatuko gara.

Hemendik aurrera eta hurrengo hilabetetan zerbait ikasteko eta hausnarketarako tartea zabaltzea espero dut, bitartean, on egin!.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide