Prest dute Asiako liztorraren aurka jarduteko protokoloa

Mirian Biteri 2016ko uzt. 21a, 11:30
Egilea: Elhuyar.eus

Vespa velutinak Araban duen eragina gutxitzeko ekintzen koordinazioa hobetu eta azkartasuna eta eraginkortasuna handitzea da asmoa.

Azken finean, espezie inbaditzaile honek biodibertsitatean nahiz pertsonengan duen eragina gutxitzea da helburua, habiak azkar detektatuz eta suntsituz, eta erregina fundatzaile berriak finkatzea galaraziz. Izan ere, Aldundiak aurreikusten duenaren arabera, aurten habiak nabarmen gehituko dira: 500 habia baino gehiago izango direla uste da, iaz 170 izan zirelarik.

Araban Asiako liztorrak detektatu ziren lehenengo aldia 2012ko irailean izan zen. Arabako Foru Aldundiak eta Neiker-ek Arabako erlezain elkarteekin elkarlanean ipinitako detekzio tranpen bidez harrapatu ziren liztorrak. Urte horretan bertan, Asiako liztorren lehenengo bi habiak aurkitu ziren, Aramaion. Harez geroztik, 8 habia suntsitu ziren 2013an, 24 habia 2014an eta 170 habia 2015ean. Espezie honen aurrerapena oso nabarmena da, Bordelen 2014an eta Hondarribian eta Baztanen 2010ean detektatu zenetik.
 
Protokolo berriak kontrol ekintzak koordinatzen ditu, baita trebakuntza eta zabalkunde ekintzak ere. Hain zuzen ere, suhiltzaileak (Aldundiaren, Aiarako eta Gasteizko SISEU) arduratuko dira herriguneetako eta inguruetako habiak, baita eremu berezi edo arrisku eremuetakoak ere, identifikatu eta suntsitzeaz. Aldundiaren basozaintzak eta miñoiak arduratuko dira lan horretaz natura eremuetan edo herrietatik kanpoko inguruetan. Era berean, onartutako protokoloan jasotzen da beste administrazio batzuetara jotzeko aukera, bitartekoak nahiko ez izatekotan.

Gomendioak

Aldi berean, herritarren laguntza ere eskatzen du Foru Aldundiak. Asiako liztorren habiarik detektatzekotan, Sos Deiak-en 112 telefonoaren bidez abisatu behar dute. Telefono horretan zentralizatuko dira deiak, eta kokalekuaren arabera banatuko dira.
 
Alde horretatik, Aldundiak gogorarazten du, Frantziako osasun agintariek eskainitako datuen arabera, –han espezie honen presentzia hedaturik baitago- ez dela handitu liztorren eztenkadengatik egindako osasun esku-hartzeen kopurua.

Habien erregistro ofiziala

Espeziea gehiago kontrolatzeko, Asiako liztorren habien lurraldeko erregistro ofiziala sortu du Diputazioak. Programa informatiko berria da, sarbide mugatua duena, informazio guztia unean bertan online jasotzea ahalbidetzen duena. Era horretan, datuen integrazioa atzeratzea ekidin nahi da, baita identifikazio bikoiztasunak ere. Gainera, programak ahalbidetuko du habiak aurkitu diren leku guztien eta horien egoeraren erregistro zehatzagoa edukitzea.
 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide