alea.eus

Zergatik? Why?

Mikel Garmendia 2016-07-21 10:17   Iritzia  Araba

Horixe, besterik ez dute jakin nahi. Zergatik gauzkate hemen honela?

Zergatik? Why?
Errefuxiatuen kanpalekua. /Greziara Karabana | Ikusi handiago | Argazki originala

Zergatik utziko gaituzte Turkiako Sistema basatiaren esku? Ez gara gaizkileak, ez dugu ezer egin, ez dugu edan (bai, horrelaxe esan ziguten). Eta gure haurrek, zer egin dute gure haurrek?

Nekez eusten zaie malkoei galdera horiek egiten dizkizutenean Greziako kanpamenduetan animaliak bailiran pilatuta dauzkaten errefuxiatuek, migratzaileek. Tesalonikako portuan bertan bada kanpamendu bat; 150 siriar daude bertan, burdin-hesi batek inguratutako eremu batean dituzte jarriak dendak. Bertan sartu gara eta salam aleikun-aleikun salam labur baten ondotik, begiradarekin esan digute dena. Berehala hurbildu zaizkigu. Haurrak kostata, baina lortu dugu, irribarretsu, jostari… ikaragarria! Hori da hurbiltasuna! Hitz gutxi, emozioak bor-bor, biluzik gelditu zaizkigu gorputz-arimak.

Biharamunean egoera are gogorragoa ikusi dugu Parastemi eta Kavalako kanpamenduetan. Kanpamenduak? Ez, kartzelak dira, Espainiako CIESak bezala, militarren esku daude zazpi hilabetetik hona, baldintza penagarrietan, Turkiaren esku noiz utziko dituzten zain. Kostata baina lortu dugu gutariko batzuk barrura sartu eta haiekin egotea.

Oihu egin diegu poliziei, oihu militarrei eta ahal izan dugunean besarkadak eman dizkiegu bertan lotsagabeki atxilo dauzkaten migratzaile anai-arrebei. Kargatu ere egin dute poliziek une batez, gasa bota digute eta begietan azkura sentitu dugu, baina ondo erakutsi digute No Borders-eko gazte anarkista lagun eskuzabalek nola babestu geure burua. Txikikeriak, migratzaileek bizi duten egoeraren aldean.

Galdera bakarra: Zergatik? ¿Why?

 

Mikel Garmendia, Tesalonika No Borders kanpalekutik

Erantzunak

Luis Miguel Sainz Pezonaga 2016-07-21 14:40 Erantzuna | #1

Hunkigarria eta amorragarria aldi berean.
Une batzuez hangoa biziarazi diguzu, Mikel.
Eskerrik asko.

AITOR ETXEBARRIA ZAMORA 2016-08-12 11:13 Erantzuna | #2

Neuk be bat egiten dita Luis Miguelek esandakoarekin.
Mila esker, Mikel. Egongo gaituk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa