Arabak ez du etxebizitzen inguruko zergaren araudia aldatuko

Erredakzioa 2016ko eka. 13a, 12:43

Araudi hau aldatzeak Gasteizko babes ofizialeko etxebizitzen OHZren (Ondasun higiezinen gaineko zerga) igoera mugatzea ahalbidetuko luke.

 Gaur goizean Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalezek iragarri du Arabak ez duela araudia aldatuko, Gasteizko Udalak proposatu bezala, Gasteizko babes ofizialeko etxebizitzen OHZren (Ondasun higiezinen gaineko zerga) igoera mugatzeko. Azaldu duenez, foru erakundean "adostasun falta" dago eta gainera, Arabako udalerri guztietan eragina izango luke.

Zerga Araudi berria

Bestetik, Jose Luis Cimiano Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak Zerga Arau Orokorra aldatzeko asmoa iragarri du, fakturazio programak manipulatzen dituztenentzat zigor zehatzak sortzeko. Ildo berean, arau aldaketak handitu egin nahi ditu zigorrak fakturak ezabatu eta apurtzeagatik. Hau da, Arabako Foru Aldundiaren Iruzurraren aurkako 2016ko Planean jasotako neurrietako bat da.  Era berean, enpresa ertain eta handiak kontrolatzeko ekintzak ere bultzatuko ditu Ogasunak, hala nola, BEZ iruzur amarruak saihestea helburu duten Europar Batasunaren barruko eragile erregistroak edo nazioarteko zerga-sistemaren kontrola. Honen bidez, Ogasunak zenbait estatutan diharduten multinazionalak ikuskatuko ditu. Horren harira, aldaketak egingo dituzte sozietateen gaineko zergan, mozkinek zerga paradisuetan edo zerga apalak dituzten herrietan buka ez dezaten.

 Milioi bat euro baino gehiago zor dutenak

Bukatzeko, foru diputatuak iragarri du, ekainean zehar, aldundia hasi egingo dela Arabako ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor dioten zergadun guztiei beren zorra xehatuta jakinarazten. Izan ere, Araban 30 pertsona baino gehiago dira milioi bat euro baino gehiago zor duten zergadunak. Uda ondoren, berankor hauen zerrenda argitaratuko du aldundiak.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide