Alaves berriz ere lehen mailan

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Martinez de Luna 2016ko mai. 29a, 23:18

Alaveseko jokalariak eta zaletuak igoera ospatzen. Deportivo Alaves SAD

Numantziaren kontra gaur iluntzean lortutako garaipenari esker (2-0), meritu propioz lortu du igoera txartela, beste partidu edo emaitzen zain egon behar izanik gabe.

Talde gasteiztarrak bere esku zuen partidu hasieratik helburua lortzea, garaipena ziurtatzea besterik ez zuen eta horretarako prest azaldu da taldea lehen minututik. Lehenengo zatiaren erdialdera (21.min.) iritsi da lehen poza Manuk eskuratutako golari esker. Jokoan nagusi ziren babazorroak eta deskantsuaren aurretik aldea areagotzea lortu dute Raul Garciaren jaurtiketa eder bati esker (41.min). Aldageletarako bidea etxeko lanak eginda joan da Bordalasen taldea eta bigarren zatian emaitzari eustearekin nahikoa izan dute, ospakizunetarako garaia iritsi aurretik.

 

Azken urte gogorrak

Urrun geratu da 2002-2003 denboraldia, Alaves Bigarren Mailara jaitsi zenekoa. Urte gogorrak izan dira gasteiztarrentzat eta ia erabat hondoratuta utzi zuen 2008-2009 urtean berriz ere maila galdu eta Bigarren B Mailara jaitsi behar izateak.

Gaur gauzatu den ametsaren lehen urratsak 2012-2013 sasoian eman zituen Alavesek, berriz ere zilarrezko mailara igota. Hiru urte behar izan dituzte azken jauzia emateko, eta azken urteetako amesgaiztoa atzean uztea lortu du azkenean.

Nahi baina urte gehiago itxaron behar izan du talde gasteiztarrak berriz ere onenen artean bere tokia egiteko, baina azkenik lortu dute beren ametsa eta datorren urtean izan handien ligan lehiatzen arituko dira.

 

Talde sendoa

Denboraldi hasieran aditu guztiek ez zuten Alaves igoerarako prestatutako taldetzat aintzat hartzen; beste taldeetako jokalariek kalitate gehiago zuten ustez eta aurrekontu aldetik ere gasteiztarrak ez ziren igoerarako faboritoen artean ageri.

Jose Bordalas entrenatzaileak izaera lehiakorra eman dio taldeari aurtengoan. Kalitatez horren nabarmenak ez diren jokalariei talde-lana eta konpromisoa ezarri dizkie gidalerro, eta jasotako emaitzak ezin hobeak izan dira. Urte osoan zehar erakutsi duen sendotasunari esker, azken jardunaldiaren zain egon behar izanik gabe, igoera lortu du.

 

Lehen mailako zalegoa

Norgehiagoka erabakigarria 20:00etan hasi bada ere, zaletuek goiz hasi dute beraien partidua. Goizetik zaletuz josi dira Gasteizko alde zaharreko kaleak eta arratsalde partean Iraultza 1921 jarraitzaile taldeak antolatutako kalejiran abiatu dira jai-giroan Mendizorrotzako zelaira.

Sarrera guztiak salduta eta amestutako igoera ospatzeko gogoz, harmailetako giroa ikusgarria izan da. Luze joko du ospakizunak eta azken urteotako sufrimenduak atzean utziko dituzte babazorroek.

 

Argazkiak: Deportivo Alaves

¡Somos de Primera!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago