Alderdiak deitu dituzte ekainaren 7an Barrongo urtegiari buruz hitz egiteko

Estitxu Ugarte 2016ko mai. 23a, 14:27

Arabako Kongresurako zerrendaburu guztiak bildu nahi ditu Barrongo urtegiaren kontrako plataformak mahai-inguru batean urtegiari buruz hitz egiteko. 

 

Alderdi politikoekin eta Arabako Foru Aldundiarekin bildu dira plataformako kideak azken asteotan, eta balantzea egin dute. Barrongo urtegiaren egitasmoaren inguruan "benetako azterketa sozioekonomikoa" falta dela berretsi dute, eta inork ere ez dakiela zenbat nekazariei mesede egingo dien urtegiak. 

90ko hamarkadan egin zen urtegiaren beharraren inguruan dagoen azterketa bakarra, eta ordutik Añana eskualdearen errealitatea erabat aldatu dela azaldu du plataformako kide Andres Illanak: "180 milioi euro xahutuko dituzte urtegia egiteko; ez dugu ulertzen eskualdean gaur egun dauden ureztatzeko beharrak jakin gabe aurrera egitea".

Hortaz, egitasmoa gelditzeko beharra nabarmendu du Illanak, eta aldi berean informazio prozesu partehartzailea zabaltzeko. Kezka horiek eta egitasmoa gelditzeko aldarrikapena trasladatu dizkiete Arabako talde politiko guztiei. "EAJ da urtegiaren alde argi eta garbi agertu den talde bakarra. EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik plataformaren kezkarekin bat egin dute, eta zalantza dugu PSErekin eta PPrekin". esan du Illanak. 

Hortaz, ekainaren 7an, hain zuzen Kongresuko hauteskunde kanpaina hasi baino hiru egun lehenago, mahai-ingurua antolatu dute, urtegiari buruz hitz egiteko. Eztabaidara gonbidatu dituzte Kongresurako Arabako zerrendaburu guztiak. "Talde bakoitzak egitasmo erraldoiaren inguruan duen jarrera agertzea nahi dugu".

 

Erlazionatuak

Barrongo urtegiaren proiektuak piztu du sua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016 urt 27 Añana   Gesaltza-Añana

Barrongo urtegiaren obra gelditzeko eskatuko dute

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016 ots 11 Añana

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago