Gorbeialdeko dantzariak elkartuko dira larunbatean Izarran

Mirian Biteri 2016ko api. 15a, 07:00

Ikuskizun berezia eskainiko dute larunbatean Zigoitiko Oketa Alaia,  Urkabustaizko Triskari eta Zuiako Gaztedi Zuiatar dantza taldeek.

Arabako Arin-arin eta Fandango txapelketarako prestatutako koreografiak erakutsiko dizkiete ingurukoei; txapelketarako ikasitakoaz gain, talde bakoitzak aukeratutako bigarren dantza bat ere dantzatuko dute Izarrako kultura etxean, 19:00etan.     

Topaketa urtero

Triskari taldeko Marisol Palacinek azaldu du orain arte "oso gutxitan" bildu izan direla Gorbeialdeko dantzariak, eta asmoa dela aurrerantzean, urtero, gutxienez, behin elkartzea. Topaketa herriz herri egingo litzateke, eta ikuskizunaren formatua, berriz, zehazteko dagoela aipatu du.  

Palacinek esan du Arabako txapelketa Gasteizen egiten dela beti, eta horretarako ikasitako piezak txapelketa egunean baino ez direla dantzatzen: "Herrietara, normalean, ez dira heltzen; Gorbeialdeko egungo dantzarien maila ona da, eta pentsatu dugu polita izango litzatekeela etxekoei eta herritarrei erakustea". Ikasitakoa erakusteko aukera paregabea dute bihar.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago