Gaur Estatuko Kontu Auzitegian San Antonio kaleko lokalen kontu epaiketa hasi da. Guztira, 11 auzipetu izango dira epaiketan, tartean Alfonso Alonso eta Javier Maroto. Kontu Auzitegiak aztertuko du ea 2007an Gasteizko Udalak Gonzalo Antoni alokatu zizkion bulego batzuengatik ordaindutako dirua -sei milioi euro- Antonen mesedetan gastatu zuten.
Izan ere, Alonso eta Maroto ez dira epaiketan izango, Gasteizko Udalak berak auzipetuak auzian bertaratzeari uko egin baitio, "gaia oso teknikoa" dela esanez.
Horrez gain, aurreko otsailaren 15ean fiskaltzak iragarri zuen ez zela akusazio gisa aurkeztuko, nahiz eta kasuaren hasieran horretarako borondatea erakutsi zuen. Hortaz, epaiketak aurrera egin du gainontzeko auzi-jartzaileekin; Gasteizko Udala, batetik, eta EAJ eta PSE-EE taldeak, bestetik.
Elkarretaratzea
San Antonio auzia salatzeko, gaur, 19.00etan elkarretaratzea egin dute lokalen aurrean Adi elkarteak deituta. Elkartearen ustez, herritarren "parte hartzea eta presioa" ezinbestekoa da auzi honetan.
San Antonio auzia
San Antonio kalean kokatzen diren aipatutako lokalak 2007an erosi zituen Gonzalo Antonek 2,7 milioi euroren truke eta 2007an udalak harekin hitzartu zuen alokairu kontratuak 7,6 miloi euroko kostua izan zuen, Alfonso Alonso alkate zela eta Javier Maroto Ogasun zinegotzia zela. Herritarrei laguntzeko bulegoak bertan instalatzeko helburuarekin, Gonzalo Anton enpresari arabarren lokal horiek alokatu zituen udalak, hogei urterako. Udalaren poltsikotik irten zen bulegoak berritzeko erabilitako dirua eta, gainera, kontratua ez eteteko hainbat klausula ere sinatu zen.
Auzian, Alfonso Alonsoren udal gobernua osatzen zuten zinegotzi guztiak daude: Alfredo Iturritxa, Marian Castellanos, Jorge Ibarrondo, Idoia Garmendia, Encina Serrano, Fernando Arangiz, Miguel Angel Etxebarria baita Manuel Uriarte ere, egungo Udaleko Ogasuneko arduraduna. PSEko zinegotzi bat ere Marian Gutierrez auzian sartuta dago, Alonsoren garaian Ogasuneko arduraduna baitzen.