Irakurtzeko, gozatzeko eta oparitzeko prest

Erredakzioa 2016ko mar. 29a, 11:52
Patxi Zubizarreta idazlearen gomendio zerrenda aurkeztuko dute kanpainan.

Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina Arabako hamabi herritara helduko da ostiralean. Euskarazko liburuak irakurtzera animatzeko asmoz, deskontuak izango dira liburuetan.

 
Euskaltzaleen Topagunearen eskutik, irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoak herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Egitasmoak, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.
 
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duen. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. 
 
Hamabi udalerri

Apirilaren 1ean abiatuko da egitasmoa eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 11 artekoa izango daAgurain, Aramaio, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuian izango da aukera aurten, ostiraletik aurrera.

Egitasmoaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide