Zalduondoko Udalak orain arte hornidura elektrikorako Iberdrolarekin sinatuta zituen kontratuak bertan behera utzi ditu. Udaletik azaldu moduan, bi helburu ditu: batetik fakturan aurreztea eta, bestetik, eredu berde eta jasangarrirantz aurrera pausuak ematea. Energia arloan Udalak hartu duen neurri bat baino ez dela aipatu du ohar batean. "Era berean, egungo argien ordez kontsumo baxuko lanparak jartzeko laguntzak eskatu ditu eta eremu pribatuan dauden lanpara publikoak antzemateko azterketa bat egin da".
Kontratuaren aldaketari esker, urtean 2.400 euro aurreztuko dituela azaldu du Zalduondoko Udalak, hau da, %15a. “Modu jasangarrian ekoiztutako energia berriztagarria %100 ehunean izatea dugu helburu baina oraindik proiektua garatzeko denbora beharko dugu. Bitartean, gure ustez, ezin genuen Iberdrolarekin lanean jarraitu segurtasunaren gainetik etekin ekonomikoak lehenesten dituelako eta Garoñako zentral nuklearra berriz zabaldu nahi duelako”, azaldu du herriko alkateak, Gustavo Fernandez Villatek.