"Mirandan ere ikusten da euskarak aurrera egin duela"

Estitxu Ugarte 2016ko mar. 6a, 10:00

Euskal zinemagintzan aitzindaria izan da Koldo Larrañaga (Azkoitia, 1923), eta Añanan euskararen aldeko langile nekaezina; orain Caicedo-Yusoko apaizak Lantaronen kultur ekintzak antolatzen laguntzen dihardu.

 

Oraina biziki bizi du Caicedo-Yusoko apaizak, eta erabat murgilduta dago aspaldi Lantarongo Udalak antolatzen dituen kultur ekintzetan. Igarotakoa iragana dela esan du, baina ezin izan dugu pasatzen utzi zinemagintzan urte luzez egin duen lana. Horra hor 1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazotako gertakariei buruz grabatu zituen irudiak eta osatu zuen filma, Olabide ikastolako umeekin egin zituen zine lanak, Ikuska sailean landu zuen dokumental laburra eta Lo vasco en el cine titulupean idatzi zuen liburua.  Hirurogei urte eman ditu Larrañagak Lantarongo Caicedo-Yuso herri txikian. Hasiera batean ez zuten ondo hartu "apaiz gorria", baina orain asko estimatzen dute. 

Zer aurkitu zenuen Caicedo-Yusora etorri zinenean?

Gaztela topatu nuen. "Hona etorri da apaiz gorri" bat esaten zuten, eta oso ondo ez ninduten hartu, apaizen artean ere ez, baina gauza horiek pasatu dira, hirurogei urte egingo ditut urriaren bukaeran herrian, bada zeozer, eta orain, hemen, jendeak maite nau.

Añanako Kuadrillan euskaldun gutxi zegoen garai haietan?

Angostoko komentuan izan ezik hemen ez zegoen euskaldunik. Euskarazko klaseak emateko Angostoko fraideek lagundu zuten, ikastaro labur batzuk egin genituen eta Gasteiztik ere etorri zen jendea ikastera, eta klaseak ematera. 

Beraz, egoera asko aldatu da eskualdean?

Hemen hasieran 'ustedes los vascos' esaten ziguten horiek orain baskoak direla esan beharko dugu, euskaldunak ez baitira. Hemen asko aldatu dira gauzak, batetik hemengoek  orain ez dute uste euskaldunak ez direnik, euren burua euskalduntzat daukate nahiz eta euskaraz ez egin. Gainera eskoletan haurrek euskara ikasten dute, denek badakite, nahiz eta etxean ez hitz egin. Nik orain batzuekin euskaraz egiten dut, inoiz pentsatuko ez nuena. Jendeak oso normal hartzen ditu gauza hauek  gaur egun, baina egia da asko kostatu dela.

Zergatik uste duzu horren zaila izan dela euskararen egoerari buelta ematea inguru honetan?

Gaztelatik gertuago dagoelako, eta hemen bizitza beti Miranda de Ebrorekin egin dutelako. Baina Miranda ere aldatuta dago, euskarak aurrera egin duela Miranda de Ebron ere ikusten da. Gainera, Mirandan euskara irakasten da eta badago talde bat, Izquierda Mirandesa, euskaltzalea dena eta euskara ikasten dute. Españolista gogorrak ere badaude Mirandan, baina herri hauetan gutxiago, asko baretu da.

 

Irakurri elkarrizketa osorik aldizkariaren 52. alean. Harpidetzeko, sakatu hemen

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide