Kontseilu berria aukeratu du Arabako Kulturaren mahai sektorialak

Erredakzioa 2016ko ots. 19a, 11:22

Horrez gain, KREAren eta aurrekontuen inguruan orain arte egindako lana ere aurkeztu zuen Mahaiak, atzo ospatu zuen batzarrean.

Mahaia, Arabako Kulturaren Mahai sektorialak bere laugarren batzarra ospatu zuen atzo. Besteak beste, Mahaiaren Kontseilu berria aukeratu zuen. Julen Anguiano (Erabiltzaileak/Publikoa), Ekain Jiménez (Arkitektura), Imanol Ortiz (Ikus-entzunezkoak), Unai López de Armentia (Arte eszenikoak), Pilar Gutiérrez (Ikus Arteak), Carlos Lalastra (Bitartekaritza), Víctor García de la Torre (Musika), Jorge Girbau (Literatura) eta Miguel Nogales (Hezkunta) dira Kontseilu berriko kideak, bakoitzak Mahaia osatzen duten bederatzi taldeetako bat ordezkatuko du.

Horrekin batera, egun Mahaia osatzen duten talde sektorial hauek garatzen ari diren lan-ildoak eta hausnarketak aurkeztu zituzten. Horien artean, kulturgileen eta herritarren arteko harremanetarako espazioak sortzeko beharra, erabiltzen ez diren espazioen berreskurapena,  ekintza kulturalen arrakasta neurtzeko modu berriak lantzea edo krisi ekonomikoaren ondorioz murriztuak izan diren kulturaren aurrekontuak pixkanaka berreskuratzea.

KREA eta aurrekontuak

Horrez gain, aipatutako talde guztiekin zeharkako harremana duten bi lan talde tematiko berri aurkeztu zituzten: KREA taldea eta Esparru Kulturaleko aurrekontu publikoak taldea. Azken honek Erakunde lokalei zuzendutako kultura esparruko aurrekontuen inguruko gogoeten zirriborroa aurkeztu zuen atzoko bileran. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak azken urteetan kulturari bideratutako aurrekontu-sailak aztertu dituzte txostena hau egiteko. Atzo, bileran onartu zen eta etorkizunean Mahaiak erakundeei zein publikoari plazaratuko dizkien eskakizunen oinarriak ezartzen ditu, besteak beste, kultura eta arteari lotutako beken aurrekontuen berreskurapena, formakuntza eta ikerkuntza bultzatzeko proiektuak edo kultura-ekipamendu eta instalazioen jasangarritasuna bermatzea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide