Heldu berri den elurra, joan diren inauteriak, herrian egingo dituzten obrak, txutxumutxu bat edo beste. Kafearen bueltan bildu da Berbalagun kuadrilla, ostiralero legez, Aguraingo Mendibil tabernan, hontaz eta hartaz euskaraz hitz egiteko.
"Watshapp talde bat osatu dugu eta astero albisteren bat edo beste bidaltzen dugu, gero tabernan horren inguruan hitz egiteko", azaldu du Berbalagun taldeko Ainhoa Arbaizak. Solasgairik ez zaie falta, ordea, gertuko berriekin zein egunkarietako albiste nagusiekin. "Azkenaldian politika da nagusi, gobernua osatu edo ez, udaletxeko berriak... egunaren arabera, izugarrizko eztabaidak izaten ditugu", aipatu du Andoni Ruizek. Zortzi bat lagun elkartu ohi dira ostiralero, eta euren antzera beste hamar talde daude Lautada guztian, hiru herri nagusietan, Agurain, Araia eta Dulantzin. "62 berbalagun daude eta urtez urte gora doa kopurua, eta ordutegiengatik kanpo geratu diren beste hainbat lagun ere badira", azaldu du Josune Garcia de Bikuñak, Lautadako Berbalagun egitasmoaren koordinatzaileak.
Hamar bat urte daramatza, esaterako, Toñi Sanchezek. AEK euskaltegian ikasle aritu eta gero erabaki zuen beste berbalagun batzuekin astero elkartzea: "Euskaraz ondo hitz egitea zen nire asmoa eta oraindik kostatzen zaidan arren, asko hobetu dut". Gaur egun, asteroko hitzorduaz gain ere beste hainbat lagunekin euskaraz egiteko aukera duela nabarmendu du, baina ez duela urte batzuk: "Nire familia kanpokoa da eta duela hamar urte ez nuen inguruan aukera euskaraz egiteko; orain ahizpak badaki, ilobek ere bai...".
Motibazio desberdinak elkartu ditu Berbalaguna ekinaldiak. Euskara hobetu, aisialdiko plana egin edota euskarazko harreman sarea hobetzeko aukera izan daiteke, besteak beste. "Ni kanpokoa naiz eta baliogarria izan da niretzat herriko euskaldun taldea ezagutzeko; batzuekin harremana erdaraz egin nuen hasieran ez nuelako jakin euskaldunak zirenik eta sorpresak izan dira...", gogoratu du Ruizek. Arbaizarentzat ere baliagarria izan da jende berria ezagutu eta batzuekin hizkuntza ohitura aldatzeko: "Rosa taldekidearekin gertatu zait, esate baterako, beti gazteleraz egiten genuen lehen, taberna zuenean, eta aldaketa izan da Berbalagunarekin; geroztik euskaraz egiten dugu".
Harreman sarea
Euskaraz komunikatzeko "gutxieneko" gaitasuna baino ez da behar Berbalaguna egitasmoan parte hartzeko, Garcia de Bikuñak azaldu moduan: "Euskara maila oso ezberdinetako jendea elkartzen da, baina helburua euskaraz egitea da, ondo pasatzea eta harreman sare bat sortzea". Talde guztietan, gainera, bada Bidelagun bat, euskara ikasten ari denari laguntzeko, eta Ainhoa Arbaizak du eginbehar hori Aguraingo talde honetan. "Nahiz eta nik esan gaizki esandakoak zuzentzeko oso ona da eta ez dizkit okerrak zuzentzen kar kar...", aipatu du Sanchezek. Berbalagunen bat "ataskatu" egiten denean baino ez duela laguntzen gogoratu du, elkarrizketak moztu gabe. "Bidelagunak ez dira irakasleak eta ez da hori beraien eginbeharra; zerbait nola esaten den galdetzen badiete lagunduko diete, noski, baina ez da hori euren funtzioa", azaldu du Garcia de Bikuñak.
Praktikatu, ikasi eta hobetzeko aukera ona dela uste du Sanchezek. Asteroko berbalagunen hitzordutik kanpo, ordea, badute euskaraz hitz egiteko aukerarik? Agurainen egunerokoa euskaraz egin daitekeen arren, "hutsune nabarmenak" daudela uste dute. "Guraso gazteek euskaraz dakite eta euren seme-alabekin euskaraz egiten dute, nahiz eta gurasoen artean lana izango den oraindik", aipatu du Garcia de Bikuñak. Eskolaz kanpoko ekintzak euskalduntzea ere herriko erronka nagusietako bat dela gogoratu dute, kirol arloan esate baterako, eta horretan lanean ari dira. Erakundeen inplikazio handiagoa faltan botatzen dute, baina horri erantzuten jakin izan diotela gogoratu du Arbaizak. "Beharbada gaur egun ekintza gutxiago ditugulako, autogestioarekin hainbat gauza antolatu dira; ikastolako gurasoek, esaterako, gaztainak biltzeko irteerak edota ipuin kontalariak antolatu dituzte".
Harresi aretoan garai batean zegoen eskaintzak behera egin duela uste dute, eta horregatik bestelako aukera batzuk bilatzen dituzte. Arbaizak berak gidatzen duen Literatura Txokoa izan daiteke horren adierazgarri; askotan idazleen laguntzarekin liburu baten inguruko solasaldia egiten dute aldian-aldian.
Berbalaguna egitasmoak berak hilean behin ekintza bat antolatzen du, herritar guztientzat zabalik. Mendi irteerak, tailerrak, bisita gidatuak, film laburren emanaldia. "Aurrekoan, esaterako 40 lagun elkartu ginen Mendixurreko parke ornitologikoan; Berbalagun taldeetan parte hartu ezin dutenak joaten dira, batik bat", azaldu du Garcia de Bikuña koordinatzaileak.
Arabako mintzalagun eta berbalagun guztiek, gainera, hainbat ekintza egiten dituzte batera eta, besteak beste, Mintza Txotx eguna izango dute hilaren 27an. Euskal Buztingintzaren Museoa bisitatuko dute eta Aramaioko Iturrieta sagardotegian bazkaria izango dute.