Nerea Lekuona, Artiumeko Praxis programan

Erredakzioa 2016ko ots. 12a, 09:00

60 egunez garatuko du Praxis esparruan bere proiektua, bisitariak aurrean direla. Otsailaren 25ean solasladia izango da Lekuonarekin.

Nerea Lekuona arabar sortzaileak Artium zentro-museoaren Praxis egitasmoan proiektu berri bat aurkeztu du. Artista honen proposamenean bat egiten dute komunikazioaren, publizitatearen eta diseinuaren munduak, batetik, eta gaur egungo testuinguruan artista eta herritar izateak, bestetik.

 60 egunez garatuko da Artiumen Praxis programarako Nerea Lekuonaren proiektua, beti bezala, bisitariak aurrean direla. Baina, gainera, Museoaren hormetatik kanpora aterako da jendearekin elkartzera.

 Eskolako arbel txikiak eta beste objektu batzuk erabiliko ditu Nerea Lekuonak hainbat gairi buruzko mezuak idazteko. Kaligrafia zaindua, eta publizitate klasikoaren estilo tipografia eta konposizioa erabiliz, ohol horien gainean mezuak idatziz joango da Lekuona. Batzuk berak asmatuak izango dira, beste batzuk, hedabideetatik hartuak eta, azkenik, jendeak emandakoak ere idatziko ditu.  


Piezak horiek museo barruan ez ezik, kanpora aterako ditu Lekuonak hainbat ekintzaren bidez, hala nola, emakume-iragarki gisa. Topo egingo duen jendeari ere bere mezuak sortzeko eskatuko dio eta batzuk proiektuan erabiliko ditu.


Horrez gain, Nerea Lekuona artistekin izan ohi diren solasetako baten protagonista izango da, otsailaren 25ean, ostegunean, eta bertan bere proiektuaz eta lan-prozesuaz mintzatuko da.  


Nerea Lekuonaren lana

Nerea Lekuona Gasteizen bizi da eta bertan lan egiten du. Orain arte diseinuarekin eta komunikazioarekin lotutako ibilbide profesionala garatu du. Hala ere, gogokoen duena artea egitea da, izan ere, proiektu artistikoak eta komisariotzak, erakusketak, sariak eta bekak ugariak dira haren ibilbidean.  Proposamen horietatik asko haren bizitzarekin lotuta daude, eta zehatzago, Nerea Lekuonak bereak direla sentitzen duen lau esparrurekin: erkidegoa, komunikazioa, artearen mundua eta artistak eta euskal kultura herrikoia. Zentzu horretan nabarmentzekoak dira, besteak beste, Resistencia (1º Campeonato de Euskadi de Resistencia de Artistas) ekintza, Cuarentacuentan eta Aforo escultura de Richard Serra parte hartzeko performanceak, Anónimo y desconocido eta Plusmarca Euskadi erakusketak, eta Terminal 1 eta Fruturama argazki-bildumak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide