Egungo euskara mintzatuaren berri ematen duen webgune berria

Erredakzioa 2016ko ots. 6a, 12:13

Euskalkiak.eus  webgunean euskalkiei eskaintzen zaie arreta berezia. Koldo Zuazo hizkuntzalariak sortu berri duten webgunearen berri eman zigun Alea FM irratsaioan.

Euskalkiak.eus web orrialdeak gaur egungo euskara mintzatuaren berri ematen du. Bertan Euskal Herri osoko albisteak daude ikusgai baina euskalkiei eskaintzen zaie lekurik zabalena: haien gaineko sailkapenak, haien sorlekuak eta haien ezaugarri nagusiak aurki daitezke.

Euskara batuaren gaineko argibideak ere badira; baita euskara batu hori eremu dialektal bakoitzera egokitzeko argibideak ere. Euskal Herri osoan grabatutako bideoak ere badira. Hiztun gazteak agertzen dira gehienetan. Bakoitzak bere lanbideaz edo zaletasunaz dihardu bere herriko hizkeran edo hizkera horretara egokitutako batuan.

Web orrialdea Euskal Herriko Unibertsitatearen babespean sortu da eta egun Oneka Alvarez, Xabier Eizagirre, Iñaki Iñarra, June Lauzirika, Teresa Portugal eta Koldo Zuazok osatzen dute lan taldea.

Hain zuzen ere, Koldo Zuazo hizkuntzalaria, EHUko irakaslea eta euskaltzain urgazleak ostegunean aurkeztu zuen webgunea Oihaneder Euskararen Etxean. Asteartean Alea FM irratsaioan Zuazorekin hitz egiteko aukera izan genuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago