Bastidako dantzak berreskuratzeko lanean dihardu Iskorta talde berriak

Mirian Biteri 2016ko ots. 5a, 09:26

Dantza talde berria osatu dute Bastidan: Iskorta du izena eta herriko dantzak berreskuratzea du lehenik eta behin helburu. Larunbatean, otsailak 6, bertan hasiko dira entseguekin, kiroldegian.

Bastidak berezko hainbat dantza ditu; tartean, San Roke dantza. Garai batean, San Roke Egunean, abuztuak 16, santuarekin batera irteten ziren zortzi dantzari eta bi katxi-morru. Herrian 1968. urtean dantzatu zen azkenekoz horren zati bat. Ordutik hona hainbat saiakera egon badira ere, esandako dantza ez zen berreskuratu  joan den urteko San Roke Egunera arte. Dioni Baldak egindako ikerketa lan sakonari esker osorik berreskuratu egin dute, eta hainbat entsegu egin ostean, herriko 22 dantzari irten ziren iaz kalera. Herriko sarreran zegoen San Roke baselizan izan zuten abiapuntu, eta plazatik pasa ostean, herriko elizan santuaren irudia hartu zuten eta goiko elizaraino lagundu zuten dantzariek.

Pasa den urteko ikuskizun hori abiapuntu hartuta, dantza taldea osatzea erabaki dute orain. Urtarrilean izen-ematea zabaldu zuten, eta 25 lagunek eman dute izena. Askotarikoak dira dantzariak; 13 urtetik hasi eta 40 urtera arteko herritarrak dira.  

Herriko toponimoa

Bastida izango oinarri du talde berriak; esaterako, herriko toponimo bat erabili izan dute taldearentzako izena aukeratzeko orduan. Horrez gain, esan bezala, San Roke dantzarekin batera, herriko beste lau dantza berreskuratzea da dantzarien asmoa.

Ez dute denborarik galdu eta larunbatean bertan hasiko dira entseatzen. Martxoaren 19an Samaniegon egingo den Arabako Dantzari Egunean parte hartuko dute, eta ordurako, prest izan behar dute emanaldia.
Samaniegorako prestatuko duten ikuskizuna urtean zehar Bastidan izango diren jaietan errepikatzeko asmoa ere badu taldeak. Bertakoak diren dantzak ikasi eta dantzatu ostean, bestelakoak ikasi hasiko dituztela jakinarazi dute. Ilusiorik ez zaie falta.    

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide