Asier Amondo, Korrikako Koordinatzailea: “Euskararik txarrena hitz egiten ez dena da”

hirinet 2015ko mar. 27a, 01:00

AEK-n hasi zenean, berea "horixe zela" jakin izan zuen. Ia hogeita hamar urte ondoren, Korrika koordinatzea egokitu zaio Asier Amondori (Laudio, 1969). 

 

Irakasle izan da urte askotan AEK-n, baina boli gorria zuhurtziaz erabiltzearen aldekoa da. Hitz egin bitartean akatsak zuzentzea desmotibatu dezakeela dio. "Zuzen edo oker, norberak bere berbaldia bota behar du; egongo da zuzentzeko astia". 

 

Laudiokoa zara zu. Nola gogoratzen duzu zure lehenengo Korrika?

Lehenengo Korrika nire lehenengoa izan zen ere. Ume mokoa nintzen. Hamabi urte nituen. Badaukat hor argazki bat, gelakideona, eta ikusten dudanean hauxe pentsatzen dut: zenbat euskaldun ginen, eta zenbat jende geratu den bidean. Ikastolan geunden horietatik, batzuk euskara galdu dute, ez dutelako euskaraz ikasketarik egin eta haien familiekin ez dutelako erabiltzen. Ikastolan ikasi arren, gaur ez dira euskaraz komunikatzeko kapazak. Argazki hartatik, batzuk geratzen gara, baina beste batzuk bidean geratu dira.

 

Ordutik, nola aldatu da Korrika?

Ni AEK-n sartu nintzenean, zazpigarren Korrika izan zen. Orduan, artisauan lana egiten genuen: kotxean joaten ginen margoekin eta brotxekin, kilometroz kilometro gelditu eta lurrean margotzeko, eta argazkilariak ere behin irudia eginda kotxea hartu eta laster batean Bilbora joan behar izaten ziren errebelatu eta komunikabideei bidaltzeko. Bestalde, ibilbidea antolatzeko, lehen kotxearekin atzera eta aurrera ibiltzen ginen, eta gaur egun Google Earth bezalako tresnekin asko erraztu zaigu lan hori. Korrikaren onerako, gauzak aldatu dira, eta artisau lanetik teknologia berrietara pasa gara.

 

Gaur egun, nolakoa da Korrikaren antolakuntza?

Epe ezberdinak daude. Lehenengo, 2013an, mezuari, omenduari, leloari eta ibilbideari bueltak ematen hasi ginen. Behin 2014ko hasieran hori onartu genuenean, urriaren 1ean Korrika batzorde nazionala osatu genuen. Hor, herrialdeetako jendea eta AEK-ko zerbitzuetako jendea hasten da lanean. Eta behin hori aktibatuta, eskualdeetako eta herrietako Korrika batzordeak sortzen hasten dira. Koordinatzaile bezala bakarrik hasten zara, ondoren 15-16 laguneko taldea duzu kudeatzeko, eta gero herrialdeetatik mugimendu handi bat kudeatu behar da, batzorde asko sortzen direlako. Korrikaren balioa ere horixe da: elkarlana, auzolana; bestela, ezin izango genuke egin. Behar dugu AEKideen laguntza, euskaltegietako irakasleen laguntza, zerbitzuetan ari diren kideen laguntza eta gero Korrika batzordeetan ari diren boluntario guzti horien laguntza.

 

Araban hogei talde baino gehiago daude, boluntarioek osatuta. Nola baloratzen duzue haien lana?

Hitz batean: txapo. Txapo. Dagoen jende guzti hori Korrikaren alde ari da lanean, euskararekin bat egiten du, AEK-ren mezu eta leloarekin bat egiten du... Horiei, gure omenik handiena eta gure besarkadarik handiena, azken batean haiek egiten dutelako posible Korrika dena izatea, eta elkarlan eta auzolanaren adibide izatea.

 

Guztira zenbat jende dabil Korrikaren antolakuntzan modu batean edo bestean inplikatuta?

Pertsonez hitz egiten badugu, ezin dut datu zehatz bat eman, ez baitakit Korrika bakoitzak zenbat jende osatzen duen. Baina bai esan ahal dut berrehun batzordetik gora daudela. Media bat egingo bagenu eta batzorde bakoitzeko hamar baleude, bi mila aterako litzaizkiguke, baina ez dakigu, hamar diren, hamabost, hogei edo zenbat.

 

Euskahaldun lelopean abiatu da aurtengo edizioa. Zein da euskaldunen ahala, edo indarra?

Gaitasun itzela dugu. Kapazak gara Korrika bat antolatzeko; kapazak gara Durangoko azoka 50 urtez mantentzeko... ahalmen itzela dugu, baina askotan ez dugu gure ahalmen hori baliatzen. Euskahaldun mezuarekin, ahalduntze kontzeptua landu nahi izan dugu, euskararen inguruan indar metaketa eta biderkaketa.

 

Txikiegi sentitzen al gara euskaldunak?

Batzuetan konplexu hori daukagu: txikiak, gutxi garela... Baina badugu indarra. Gure bideoan Pascal Indok dioen moduan, nik erabaki dut euskaraz bizitzea eta horretarako ahaldundu egiten naiz, eta hemendik aurrera nire hizkuntza ofiziala euskara izango da. Askotan, pentsatzen duguna baino gehiago gara, eta aurrera egiteko gogo eta kemen horri eutsi behar diogu, metatu eta biderkatzeko.

 

Ezagutza asko hazi da, baina erabilera ez hainbeste. Non dago akatsa?

Hasi ginenean, pentsatzen genuen ezagutza izango zela erabileraren klabea. Eta ez da hala izan. Baina pentsatu behar dugu gaur egun Gasteiz batean, Laudio batean eta hainbat tokitan ezin duzula normaltasunez euskaraz funtzionatu. Zergatik ez? Ba azkenean, ez direlako hizkuntz-politika egokiak abiatu, agian. Pentsatu behar dugu zergatik nire auzoko dendariak ez dakien euskaraz, edo zergatik ez dituen gutxienezko batzuk euskaraz bermatzen, esaterako frutaren txartelerian. Alde horretatik, euskara prestigiatu behar dugu, bestela zaila izango da aurrerapausoak ematea.  Adibidez, B eta D ereduetan ari dira ikasten ume gehienak, baina haien kale hizkuntza gaztelania da. Zergatik? Ba pipa batzuk erosteko, gazteleraz funtzionatzen dutelako, eta euskaraz agian ez. Euskarari balioa ematen ez diogun arte, zaila izango da erabileran urratsak ematea.

 

Euskara prestigiatzeko zer behar dugu: arauak, kontzientziazioa, identifikazio lana...?

Dena batera doa: identifikazio lana derrigorrean egon behar da, araudi justu bat egon behar da derrigorrean, ezagutza bermatu behar da eta erabilera sustatu... Ez dugu fokoa gauza bakar batean jarri behar, baizik eta gauza horiek guztiak landu.

 

Eta lan horretan, zein izan behar da instituzioen eginkizuna?

Instituzioen hori guztia modu justu batean arautu beharko lukete, jende guztiak euskara erabili ahal izateko bermea eduki dezan. Edonor administrazioan euskaraz hitz egin ahal izateko, eta nañoanodeak jarri bestelako zerbitzuetan ere (merkatariak eta abar), apurka apurka urratsak eman ditzaten, azken finean, ezagutzen ez duten mundu bat dutelako, eta haientzat ere aberasgarria izan daitekeena.

 

Araban, azkenaldian, euskararen aldeko lana sasoian dagoela dirudi: Oihaneder euskararen etxea Gasteizen, euskara elkarte berriak... Boladan gaude?

Igual bai. Gasteizen euskararen etxea egotea garrantzitsua izango da, bilgune erreferentzia bat izango delako. Gainontzeko herrietan ere euskara elkarteak daude, eta egiten duten lana saritzekoa da. Ikusi behar da gero zer abiatzen den instituzioetatik, udaletxeetatik, horri guztiari behar duen tamaina eta garrantzia emateko.

 

Mugimendu handia ekarriko du egun hauetan Korrikak Arabara eta, hala ere, arabar asko jabetu ere ez dira egingo. Horren aurrean, zer?

Zaila da, guk Korrika zabaltzen dugunean, mundu guztiarentzat zabaltzen dugu. Kontua da, badagoela jende asko euskararekin inongo harremanik ez duena, Korrika zer den ez dakiena, edo Araba Euskaraz bat zer den ez dakiena. Jende guzti horri gonbidapena egingo nioke, parte har dezan eta ikus dezan zer den, eta eurek erabaki dezatela gero, baina jakin dezatela mundu bat galtzen ari direla. Askotan hitz egiten dugu eleaniztasunaren inguruan, eta eleaniztasun hori normalean fokalizatzen dugu ingelesa edo frantsesaren gainean. Baina badugu hemen bigarren hizkuntza ofizial bat, euskara dena, askok arrotz dutena erabat, eta mundu bat galtzen ari dira. Nik, zorionez, gaztelera ezagutzen dut ere eta mundu horretara sarbidea dut, baina haiek bere buruari mugak jartzen ari dira, euskaraz egiten den guztia galtzen dutelako, hutsune bat dutelako. Euskarak aberastasuna ematen du.

 

Gizartea asko aldatzen ari dira, eta jatorri eta kultura askotako biztanleak gaude gaur egun Araban. Zer eginkizun izan behar du euskarak testuinguru berri honetan?

Hor urratsa eman behar dugu: euskaldunak kultura berri horiengana hurbildu behar gara. Hurbilketa horretatik, haiek ere gurera etor daitezkeelako. Askotan, denok larregi enkasillatzen gara: batzuk euskaldunak, beste batzuk ez euskaldunak, beste batzuk ekuatoriarrak, beste batzuk arabiarrak... eta askotan, interkulturalitate horretan, ez dugu ematen urratsik gure artean berezko komunikazioa sortzeko. Gure aldetik, horiengana hurbildu beharko ginateke, esateko hemen beste hizkuntza bat dagoela, eta beste mundu bat.

 

Zer esango zenieke lehenengo hitza euskaraz esateko lotsa duten Arabako euskaldunei?

Lotsa ez dugula zertan izan behar. Lehenengo hitza euskaraz esateak, garrantzia handia du euskaldunon artean identifikatzeko. Nik lehenengo hitza euskaraz esaten badut, nire aurrean dagoena perfektamente ulertzen ari da euskalduna naizela eta nirekin badaukala beste komunikazio hizkuntza bat. Lotsarik ez. Aurrera. Euskararik txarrena, hitz egiten ez dena da.

 

Horretaz ari zarela... Batzuetan euskara zuzena eta kaleko euskara oso urruti daude, eta euskaldun askok badute sentsazioa gaizki hitz egiten dutena. Noiz da zilegi zuzentasuna sakrifikatzea?

Irakasle nintzenean, nire ikasleei ez nien hasieratik zuzentzen: lehenengo, utzi behar diozu pertsonari bere berbaldia botatzen, eta gero esango diozu zer konpondu beharko lukeen. Komunikazioa moztu eta zuzenketa momentuan egitea, traumatikoa izan daiteke. Nork bere berbaldia bota behar du, zuzen edo oker. Gero, izango dugu astia zuzentzeko. Erabileraren erabileraz, joango gara zuzentzen. Giro euskaldun batean murgiltzen den pertsona bat, akatsak akats, zuzenduko ditu.

 

Erdarakadei beldurra diegu ere, baina batzuetan ez dakizkigu gauzak beste modu batean esaten... Zer da hobe, erdarakada bat botatzea, edo erdarakadak ez egiteagatik zuzenean dena gazteleraz egitea?

Neurria hartu behar da. Gauza bat da erdarakada bat botatzea, koletillatxo bat; horrek ez du eraginik. Baina erdarakada baten izenean, esaldi osoa erdaraz botako baduzu, azkenean ez zara euskaraz hitz egiten ari, gazteleraz baizik. Erdarakadak eta erdarakadak daude.

 

Euskaldun izatea gauza ederra eta aberasgarria da, baina batzuetan nekagarria ere, egunero izan behar duzulako militantzia puntu bat, ekintzaile dosi bat, eta goizero ez zara indar horrekin jaikitzen. Nola egin, egunero euskahaldun eta aldi berean zoriontsu izateko?

Zoriontsu berez bagara, euskaldun izateagatik. Eta gero ahalduntzeari, norberak hartuko dio tamaina, egoeraren arabera. Nekagarria bada batzuetan, beti aldarrikatzen ibili behar izate hori, baina nik uste dut hori jada berez gure ADNan dugula eta era normalean eramaten dugun kontua dela. Jarraitu behar dugu bide hori garatzen, jendeak jakin dezan, euskaldunak garela, euskaraz egin nahi dugula eta gurekin lehenengo harremana euskaraz izan dadila nahi dugula.

 

Noiz hasi zinen euskara ikasten?

Zorte handia izan dut, ez dudalako euskara ikasi: ama hizkuntza dut. Zorionez, aita eta ama euskaldunak  izan nituen, Orozkokoa eta Arrankudiagakoak, Laudiora joandakoak. Ikasi nuen hizkuntza, gaztelera izan zen.

 

Noiz sentitu zenuen euskararen alde lan egin nahi zenuela?

Sasoi hartan ikastola elkarteen giroa oso purian zegoen. Txikia nintzela, lehenengo Olentzeroak antolatzen hasi ziren, gero institutu sasoian ere euskara taldean ibili nintzen. Gero, 1988an AEKn hasi nintzenean, konturatu nintzen nirea horixe zela. Pentsatu nuen: nire bizitza hau da, eta ordudanik hementxe nago.

 

Lehenengo hitza beti-beti euskaraz egiten al duzu?

Baietz esango banizu, gezurra esango nizuke. Saiatzen naiz, baina badakizu leku batzuetan ezinezkoa dela, aurpegi txarra jarriko dizutela edo "No te he entendido" esango dizutela. Ibiltzen garen esparrutan ibilita, badakizu non bai eta non ez. Erosotasunagatik, askotan ekiditu nahi duzu, aurpegi txarra jarriko dizutelako eta muturtuko zarelako.

Norbaitek aurpegi txarra jarri edo erantzun txarra ematen dizunean, zer egiten duzu?

Egunaren arabera, imajinatzen dut. Batzuetan umore onez altxatzen zara eta era jobial batean erantzuten diozu, eta beste batzuetan agian umore txarrez zaude eta berarengana zoaz. Ez dut uste erreakzio bera dudanik beti. Egoera animikoarekin zerikusia du. Seguru baten bati erantzun txarra eman diodala, eta beste bati beste modu batean erantzun diodala, gauza bera esanda baina suabeago.

 

Noiz ematen dizu amorru gehien derrigorrez gaztelaniaz hitz egin behar izatea?

Batez ere administrazioan, hizkuntza biak bermatu behar dizkigulako Toki batzuetan, nahiz eta urteak eraman bertan lanean, askok ez dute prestakuntzarik egin eta aurpegi txarra jartzen dizute.

 

Ba al dago gaztelaniaz erosoago aritzen zaren egoerarik?

Gazteleraz deseroso sentitzen naiz, zorionez nire bizitza guztia euskararen inguruan kokatzen delako: lantokia, familia, lagunartea... Orduan, oso argi daukat: zailtasun handiagoak dauzkat gazteleraz hitz egiteko, euskaraz baino.

 

Non egingo duzu Korrika?

Urepelen, Bilbon, eta saiatuko naiz Aiaraldean korrika egiten, eta jakina, Donostian eta Gasteizen.

 

Araban euskaraz hitz egiteko leku bat?

Aramaio. Arabako herririk euskaldunena. Horrek ez du esan nahi beste tokietan egin ezin daitekeenik. Laudion, adibidez, nire inguru hurbilean denak ditut euskaldun.

 

Arabako euskaltzale edo euskaldunen bat?

Badaude hainbat. Iñaki Martinez de Lunaren lana goratzekoa da, adibidez. Manex Agirrek bertsolaritzari eman dion bultzada ere. Gero, badaude beste  batzuk, etorritakoak direnak, Asier Otamendi bezala. Euskaltegietan ari diren ehundaka irakasleak, denak ere arabarrak, euskaldunak, euskaltzaleak eta euskararen alde ari direnak.

 

Euskaraz hitz kuttunik?

Ez daukat hitz berezirik, ez.

 

Hasi al zarete dagoeneko 2017ko Korrikan pentsatzen?

Ez, lehenengo hau amaitu behar dugu, eta gero hasiko gara pentsatzen hurrengoa non hasi eta non amaitu. Irailean hasiko gara hurrengoan pentsatzen.

 

Aurten Arabako Errioxatik pasako da berriro. Aurrekoan protesta egin zuten, ez zelako bertatik igaro. Nola lortu Korrika eskualde guztietatik pasatzea?

Uf, hori ezinezkoa da. Aurtengo ibilbidea jakin zenean, Laudion nengoen pote batzuk hartzen eta jende guztiak esaten zidan ea zergatik pasatuko zen Laudiotik goizeko hiruretan. Baina nik zer egingo diot! Pasatu edo ez pasatu, beti egongo da pozik egongo ez den jendea. Kontuan izan behar dugu Korrikak bi mila berrehun kilometro inguru egiten dituela, eta beti geratuko dela tokiren bat pasatu ezin daitekeena. Barkamena eskatu besterik ezin dugu egin.

 

Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako Alea

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide