Iñaki Ziarsolo: “Hala Bediren dokumentala Gasteizko historia ulertzeko bide polita da”

hirinet 2013ko aza. 14a, 12:00

hala-bedi-liburu-aurkezpenaIrratiko estudioetatik zinemaretoetara egingo dute jauzi gaur arratsaldean Hala Bedi irrati libreko kideek.

Aurten, 30 urte bete ditu Hala Bedik eta urte horiek guztiek eman dutena ordubeteko dokumental batean jaso dute. Ikus-entzunezko honen estreinaldi “mundiala” Florida zinemaretoetan izango da gaur, 20.00etan.


Trailerrak dio estreinaldia mundiala izango dela...

Mundiala da munduan estreinatzen den lehenengoa aldia izango delako.


Irratiaren 30 urte hauek 60 minutuko dokumental batean jasotzea erraza ez da izango, ezta?

Ordubeteko dokumentalean 30 urte kontzentratzea ez da lan erraza izan, ez. Nahiko zaila egiten da, izan ere, ordu asko grabatu ditugu eta minutu gutxi batzuetan guztia sartu behar da.


Dokumentala hiru ataletan banatu dugu. Lehenengo zatian,  historiari begira jarri gara, irratiko kide historikoak bildu ditugu lehenengo urte hauek kontatzeko. Hasierako asanbladak, lehenengo emisioak, lokal aldaketak eta itxierak... Bestetik, historian zentratzeaz gain, nahi izan ditugu ere egungo irratsaioak ezagutzera eman, jendeak ezagutu ditzan. Azkenik, fikzioa ere sartu dugu, dokumentalari umore kutsu bat emateko.


Parte hartzea, beraz, handia. Zenbat lagunek hartu dute parte grabaketan?

Guztira, elkarrizketatu, kamera, gidoigile, itzultzaile... gutxi gora-behera 40 bat lagun inguruk hartu dute parte. Gainera, dokumental hau egiteko modua ere irratiarena bezalakoa izan da. Irratiaren filosofiarekin bat egin du dokumentalaren grabaketak borondatezko lana izan baita eta guztion artean egina. Luze jo du baina, azkenean, lortu dugu dokumentala ateratzea.


Beste 30 urtez gutxienez emititzeko erreleboa bermatua dago?

Belaunaldi berriak eta zaharrak nahasten dira irratian, bai. Gure lan egiteko moduarekin, hain zuzen ere, asanblada eta autogestioarekin Hala Bedi iraun duen irratia dela aldarrikatu eta azpimarratu nahi dugu. Eta ez hori bakarrik, 30 urte hauetan jakin izan dugula garai berrietara egokitzen eta pausuz pausu, apurka-apurka, handitzen joan den proiektua izan dela. Gure lan egiteko moduak gaur egun funtzionalak direla azpimarratu nahi dugu eta krisitik kanpo geratzen gara, nahiko itxaropentsu ikusten dugu etorkizuna.


Dokumentalaz gain, liburua ere argitaratu duzue.hala-bedi-dokumentala-aurkezpena-kartela

Gaur ikusiko duguna 30 urteko historia ordubetean kontzentratua izango da. Baina, historiaz apur bat gehiago jakin nahi duenak liburua dauka, hausnartzeko parada ematen digun liburua baita.


Hala Bediren historia Gasteizko historiari lotuta dago eta liburuaren bidez Gasteizko eta Euskal Herriko historia ulertzeko modua izango dugu. Izan ere, Hala Bedi momentu historiko konkretu batean jaio zen eta liburuan kontextualizazio hori badago eta azaltzen da zergatik 80ko hamarkadan Gasteiz izan zen hain hiri dinamiko eta aurrerazalea.


Azken finean, liburuak zein dokumentalak Hala Bedi posible egin duten pertsona eta elkarte guztiei eskainitako omenaldi bat izan nahi du ezta?

Irrati parte hartzailea da eta borondatezko lanean oinarritutakoa. Imaginatu zenbat lagun pasa diren 30 urte hauetan. Urtez urte, ehundaka lagun eta elkarte pasa dira. Egun ere 90 bat lagun pasatzen dira astero Hala Beditik. Horiei guztiei omenaldi bat egin nahi genien, izan ere, beraiek izan direlako eta direlako irratiaren bihotza.


Araban hainbat estreinaldi izango dira, baita Euskal Herritik kanpo ere, Bartzelonan, kasu. Dokumentala ikusteko arrazoiak?

Hala Bediren historiarekin batera Gasteizko eta Arabako historia ulertzeko bide polita delako dokumentala, baita liburua ere. Atzera begiratzeko balio digu, erreflexioa egiteko. Ariketa honekin, etorkizunera begira gauzak aldatu edota hobetzeko nahia dugu.

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide