Lizar loredunaren destino petrala

hirinet 2013ko mai. 14a, 13:07

lizar-loredunaLizar loreduna (Fraxinus ornus) ez da batere zuhaitz arrunta Iberiar Penintsulan, Valentzia inguruan salbu. Gurean, aldiz, Euskal Herrian, ez da inon ageri; gertuen daudenak Burgosko Oñako mendietan bizi dira.

Horregatik sortu zen zalaparta handi bat, 1990eko hamarkadan, Badaia mendiko sakan batean lizar loredun batzuk aurkitu zituztenean. Nola zen posible, bere banaketa-eremu naturaletik hain urruti? Azalpen bakarra zegoen: populazio reliktiko bat zen, balio izugarri handikoa, Tertziario Aroko klima epelago baten hondar moduko bat, Andaluzian troka umel batzuetan baso tropikalaren antza duten baso berezi batzuk bezala, edo Kanarietako laurisilva famatua bezala. Altxor bat, zaindu beharrekoa. Ondorioz, babes-kategoria altuena eman zioten, eta txangoak eta guzti antolatu zituzten Badaiako lizar loredun miragarriak (“manaren zuhaitzak” ere deituak) bisitatzeko.

   

Harik eta, duela hiru bat urte, Arabako botanikari prestigiotsu batek susmo txarra hartu zion arte lizarren lerrokako antolaerari. Izan ere, dokumentazio zaharra ondo aztertu, eta ondorioztatu zuen zuhaitzak ez zirela berez basatiak, norbaitek landatuak baizik, eta gero bai, beren kasa naturalizatu eta, are, hedatu egin zirela sakanean barrena (Oñako populazioak bezala, bide batez esanda).

 

lizar-loreduna-florida-park

Lizar loreduna Florida parkean


Zer ondorio izan ditzake horrek? Bada, paradoxikoki, babesik handiena merezi izatetik erauzi beharreko espezie inbaditzaile izatera pasa daitekeela, egun batetik bestera. Zerutik infernura. Giza-kondizioaren metafora bat; kirolari batzuei gertatzen zaienaren irudia; politikari zenbaitek bizi duen gainbeheraren isla; zuri eta niri umorea egun batetik bestera aldatzen zaigunean bezala. Nolanahi ere, lizar loreduna lorategi eta parkeetan ere ikusten da, ez dago Badaiaraino joan beharrik. Florida parkean badugu bat, eder askoa. Aprobetxatu eta gozatu, oraintxe dago-eta loraldi betean!


Informazio gehiago: Arabako Natur institutua

 

 

Egilea: Martin Rezola

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide