Gasteizko Gaztetxea, mende laurdena hiria pizten

hirinet 2013ko api. 23a, 12:18

gaztetxea-sarreraUne garrantzitsuek ospakizun handia eskatzen dute eta mende laurdena egunero ez denez betetzen, urteurrenari ekiteko kanpaina berritzaile eta original bati eman zioten hasiera Gasteizko Gaztetxetik. Modu honetan, Gaztetxeko sorgin bihurria bidaiatzen hasi zen, munduko toki ezberdinetara iritsiz. Munduko hamaika txokotan ibili da sorgina urteurrena iragartzen eta argazki mordoa ekarri ditu bueltan.


Hiriko muinora bueltatuz, hogeita bost urte luze pasa dira gizartea aldatzeko grinarekin batu eta antolatu zen gazte talde batek Alde Zaharreko etxe honen atea behera bota zuenetik. Orokorrean, igaro den denboraren gainean, gazte asanbladak “oso balorazio positiboa” egiten du, izan ere, urte hauetan guztietan lortutakoa ez da gutxi izan baita Gaztetxeak hirian lortu duen garrantzia ukaezina ere. Eta modu honetan mintzo da asanblada: “gaur egun, lagun askorentzako erreferente bihurtu dela esan genezake, aisialdi eredu alternatiboa, elkartzeko, partekatzeko, ikasteko eta pertsona bezala hazteko aukera ematen dion gune baten bila etxe honetara jotzen dutenek asko direlako”.


gaztetxeak-25Abenturak, ametsak, anekdotak... hamaika izan dira. Hiru generazio ezberdin pasa baitira jada asanbladatik eta zaila suertatzen da oso abentura bakar bat aukeratzea. Lehenengo urteetako une garrantzitsuenetariko bat etxearen irekiera bera litzateke; hurrengo hamarkadakoek, berriz, Gaztetxeak 20. urteurrenaren harira egindako Piztu Gasteiz egun ahaztezina esango lukete; eta txanpa honetan daudenak, asanbladaren parte zenaren Ekaitz Samaniegoren atxiloketa saihestu asmoz jasotako guztia aipatzen dute.


Denbora honetan guztian, jendartea aldatuz joan da eta jendartearekin batera ere Gaztetxea bera. Garai berrietara moldatzen jakin izan du eta hori lortu duen arrakastaren gakoa izan daiteke. Eman diren aldaketen artean, asanbladak erabiltzaileen perfila nabarmentzen du, besteak beste, itxura, adina, jatorria, etab. “Gainera, lehenengo urteetan asanbladan eta Gaztetxeak antolatzen zituen ekintzetan parte hartzen zuten emakumeak gutxi baziren, gaur egun, hauen kopurua nabarmenki” handitu dela aipatzen dute. Horretaz gain, hizkuntzaren erabilera ere aldatu da, gune erdaldun bat izatetik gune euskaldun batera izatera pasatuz eta zer esanik ez etxeak berak jasan dituen aldaketei buruz.


Baina, aldatu ez diren gauzen artean, Gaztetxearen ildoa edo filosofia azpimarratu beharra dago. Okupazioa, autogestioa eta asanblearismoa izan dira etxe honen zutabe nagusiak eta horrela izaten jarraituko dute. Aurreko urteetako aktak begiratu ostean, gainera, konturatu dira asanblada moduan funtzionatzeko dinamika hasierakoarekin oso antzekoa dela.


Aurrera begira jarriz gero, “Gasteiz pizten, zirikatzen eta herritarrontzako alternatibak sortzen” jarraitze aldera aldaketa handirik egitea aurreikusi ez badute ere, erronken artean, adibidez, astean zehar muinoko etxea irekita egotea finkatu dute. Horretarako, asanbladan diharduten lagunez gain, asko dira etxe hau aurrera eramaten laguntzen dutenak eta “hauen multzoa indar metaketa handienatzat” jotzen dute.


Bestetik, ezin ahaztu ibilbide honetan guztian izan diren gau ilunak zein bidean zeharkatu behar izan dituzten oztopoak. Besteak beste, Gaztetxearen aurkako kanpaina mediatikoa, Gaztetxeak jasotako eraso eta mehatxuak eta Ekaitzen atxiloketa ezin izango dituzte erraz ahantzi asanbladako kideek. Azken aldian, gainera, behin baino gehiagotan azaldu da Polizia muinoko etxean. Honen harira, “batzuk proiektu hau aurrera eramaten ahalegintzen garen bitartean, beste batzuek bere horretan jarraitzen dute”, azaltzen dute. Baina, behin baino gehiagotan erakutsi duten moduan “zailtasun eta eraso guztien gainetik” lan egiten jarraituko dutela argi daukate.


Oztopoak oztopo, ordea, herriarentzako gune ezberdin bat eraikitzen segituko du, orain arte bezala, Gasteizko Gaztetxeak eta 25 urte bete dituela ospatzeko hamaika ekintza antolatu dute. Urtero zerbait ezberdina antolatzen ahalegintzen dira eta aurtengoan ere “toke ezberdin” bat eman diote, betiko bertso saioak, bazkaria, guatekea... alboratu gabe, noski.

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria


gaztetxea-kartela


 

 

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide