Hirinet.net Gasteizko euskaldunon atariak lehen urtea bete du

hirinet 2013ko api. 15a, 18:05

hirinet-urteurrena-kartela-txikia2012an GEU elkarteak abian jarri zuen Hirinet.net egitasmo komunikatiboak lehen urtea beteko du datorren apirilaren 19an, ostiralean.  Sareko hedabide euskaldun eta euskaltzale honen helburua Gasteizko euskaldunok sarean dugun topagunea izatea da, informazio eta entretenimendu iturri bezala erabili dezagun.


Orain dela urte bete jaio zenetik, Hirinet.net atariak 90.000 bisita inguru izan ditu. Gainera,  astero bidaltzen den buletinak 1.800 harpidedun inguru lortu ditu denbora tarte honetan. Horrez gain, sare sozialak funtsezkoak izan dira Hirinet-en argitaratu diren eduki guztiak zabaltzerako orduan. Horrela, 2.000 jarraitzaile inguru biltzen ditu Facebook, Twitter, Youtube eta Tuentin dituen orrialde zein profiletan.


Hirinet euskara hutsezko sareko komunikabide honen oinarriak informazioa, gaurkotasuna eta entretenimendua dira. Egunero Gasteizen gertatu diren albiste garrantzitsuenak biltzeaz gain, gai ezberdinak sakontasunez jorratzen dituzten erreportajeak eta elkarrizketak landu ditu. Inguruko elkarte, eragile eta talderen lana ezagutzera eman du, idatzizko zein ikus-entzunezko erreportajeen bitartez. Honekin batera, Arabako gaurkotasunaren protagonistak ezagutzera eman ditu atariak; Pou anaiak, Ivan Fernandez lasterkaria, Unax Ugalde aktorea, Berri Txarrak taldeko kideak edo Oihane Perea bertsolaria bezalako pertsonaiak sakontasunez elkarrizketatuz.


Gainera, Araban antolatu diren euskarazko ekintza guztiak biltzen dituen Euskararen Agenda eskaini du Hirinet.net-ek, non 2.000 agenda ohar baino gehiago argitaratu dituen. Iritzi atalean, berriz, pil-pilean egon diren gaien inguruko hausnarketak eskaini ditu, gero eta handiagoa den kolaboratzaile-sare bati esker. Egun, 30 kolaboratzaile baino gehiagok osatzen dute sare hau. Erabiltzaileen parte-hartzea ere goraipatu nahi genuke, asko izan baitira gure irakurleek bidali dizkiguten argazkiak, idatziak, iritziak eta iruzkinak.


Izan ere, guztion artean egiten dugu Hirinet eta Gasteiztar zein Arabako euskaldunez osatutako kolaboratzaile sareak eta erabiltzaileek lagundu gaituzte web gunea elikatzen. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Hirinet posible egiten duten guztioi, baita Hirinet irakurtzen duzuen guztioi ere. Horregatik, ESKERRIK ASKO GUZTIOI!


Web gunearen lehen urte hau ospatzeko, GEU elkarteak Hirinet I.urteurrena jai honetara gonbidatu nahi ditu gasteiztar guztiak eta eskerrak eman nahi dizkie urte honetan web gunea bisitatu dituzten pertsona guztiei zein modu batez edo bestez Gasteizko euskaldunon sare hau elikatzen eta sendotzen lagundu duten guztiei.

 

Informazio gehiago: Hirinet I.urteurrena jaia

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide