Martxoak 3, herri ekimenetik inplikazio instituzionalerako bidean

hirinet 2013ko mar. 1a, 15:04

martxoak-3Egia, Justizia, Kalte-ordaina eta Ez-errepikatzeko Bermeak. Horixe da 1976an poliziak Gasteizen eragindako sarraskiaren biktimei dagozkien eskubideak ziurtatze aldera Martxoak 3 elkarteak borrokatzen duen helburu nagusia. Elkartea 1999an  ikuspegi zehatz horrekin jaio bazen ere, denborarekin planteamendu zabalago batera egokitu da, bai Euskal Herrian baita Estatu espainolean ere, mugimendu memorialistak bizi duen bilakaeran kokatu daitekeena.  Jazotako beste kasu batzuetan bezala, 1976ko sarraskia gertakizun isolatu bat balitz ezin daitekeelako hartu eta hori izan da lan-dinamikari dagokionez aldaketa garrantzitsuena azken 15 urte hauetan. Honen inguruan, elkarteko komunikazio arduraduna den Lander Garciak azaltzen duenez, “70. hamarkadan botere faktikoek  diktadura bat egungo monarkia konstituzionala bihurtzeko prozesu bat bideratzeko zigorgabetasun eredu bat eraiki zutenez, eredu honi aurre egiteko beste eragileekin batera elkarlanean aritzeko beharra ikusi da”. Izan ere, zigorgabetasunari eta ahanzturari “erantzun bateratu bat eman behar zaie”.

Zentzu honetan, egia eta bertsio ofizialaren aldeko borrokan emandako aurrerapausoei esker, belaunaldiz belaunaldi, poliziak bost langile akatu eta beste hamarnaka zauritu zituen egun beltz horrek guztion memorian jarraitzen du. Eta horrela izaten jarrai dezan, Martxoak 3 elkartea Euskal Herrian Egiaren Batzorde bat osatzearen aldekoa da eta, are gehiago, beren ustetan, borondate politikoa egonez gero, tankera honetako instrumentu baliagarria martxan jartzea posible ikusten dute. Gai honen inguruan, aldiz, gatazka politikoaren konponbide fase batera lotuta egon behar lukeen edota egitura propioak izan arte sortzea posiblea litzatekeen… bezalako zalantzak sortzen dira. Alabaina, “koiunturaz haratago” doan kontua dela uste du elkarteak, Giza Eskubideak agintzen duen kontua. Egia osoa argira ateratzea ekarpen oso garrantzitsua den heinean, elkarteko komunikazio arduradunak dioen moduan, “argudioak soberan ditugu eragile politiko eta instituzionalak presionatzeko”.


Instituzioekiko Martxoak 3 elkarteak dituen harremanei erreparatuz gero, Lander Garciak ondorengoa aipatzen du: “Biktimen inguruko diskurtso ofizialean Estatuak eragindako mina ezkutatzen da eta ustezko trantsizio horren ondoren sortutako erakundeen kudeatzaileak parametro horietan mugitu dira azken hamarkadetan”. Euskal Herrira etorrita, alta, ireki berri den fase politikoan aukera gehiago ikusten dituzte “nolabaiteko sintonia bat lortzeko eta benetako trantsizio bat adosteko”. Orain arte, herri-aldarrikapenak bultzatuta etorri dira instituzioek emandako pausu gehienak.


 

Hainbat adibide badira ere, orain hilabete batzuk jazotakoak ongi jasotzen du aurretik elkarteko komunikazio arduradunak azaldu duena. Zaramagan biktimen omenez zintzilikatu ziren panelekin sortu zen hika-mikari erreparatu beharra dago. Erailketaren eskenatokian Martxoak 3 elkarteko aldarrikapena ikustarazten zuen ekimen herrikoia baten bitartez jarri ziren muralak San Frantzisko elizaren kanpoaldean. Tokiko apaizek horrela nahi izan zutelako, ohar baten bidez muralak kendu zituztenaren berri eman zioten elkarteari. Gertaera hauek medio, “inflexio puntu batera” heldu zen elkartea: udalaren inplikazioa eta babesa lortzea xede eta, bide batez, oroigarri iraunkor bat jartzeko ardura lortzea ere. Elkarteak espero zuena baino erantzun baikorragoak jaso ditu eta udal-talde guztiek onartu zuten proposatutako azalpen testua. Hala ere, oroigarria jarri bitartean, tentuz itxaroten dute. “Guk proposatutako edukiekin jartzen badute, garaipen bat litzateke”, dio Lander Garciak.


martxoak-3-2Garai berriak, lan-tresna berriak

Herri-mugimenduak erabili ditzakeen lan-tresna guztiak gutxi dira aurrean den eredua egun batetik bestera iraultzeko. Martxoak 3 elkarteak bi eremutan banatzen du lan esparrua: batetik, eremu herrikoian; eta, bestetik, instituzionalean. Azken urteotan, zigorgabetasunaren salaketa gizarteratzeko erabili izan diren erreminten arloan aldaketa interesgarriak egon dira. Baliabide teknologiko berriek (sare sozialak, internet, bideoak eta dokumentalak ekoiztu eta zabaltzeko erraztasuna...) asko lagundu dute eta 2011ko abenduan Zaramagan inauguratu zen egoitzak (M3MORIA-GUNEA) beste jauzi garrantzitsu bat suposatu du Martxoak 3 elkartearen lan-dinamikan.


Besteak beste, zine forum-a antolatzen dute M3MORIA-GUNEAn. Nondik gatozen, non gauden ulertzeko eta nora jo nahi dugun erabakitzeko formazioa, eztabaida eta hausnarketa beharrezkoak direla deritzote. Honen barruan zinema tresna baliagarritzat eta eraginkortzat dute. Horregatik, hilean behin, zentzu historiko-politikoa duten filmak programatzen dituzte. Bataz beste, 15-20  lagun gerturatzen dira eta proiektua sendotuz doa eta M3MORIA-GUNEA elkartearen egoitza baino askoz ere gehiago izateko aukera ematen du zine-forumak.


Bestetik, urtemugan egiten den mobilizazioaz eta urtean zehar antolatzen diren hitzaldi, erakustaldi, bideo-emanaldi eta ekimenaz gain, erakundeei begira lan egitea beharrezkoa ikusten dute.  Garciaren aburuz, “ekimen herrikoiek fruituak ematen dituzte pixkanaka-pixkanaka, eta egun, jendarteak ustezko trantsizio espainiarra  baketsua eta eredugarri horren kontu ofiziala biluztu egin du, batez ere, azken urteetako lan herrikoiaren ondorioz. Baina lorpen horri, erakundeetan eman beharreko urratsak gehitu behar zaizkio”.


Gaur egun, elkarteak zertan diharduen jakite aldera, 1999tik hona ikuspegi zabalagoak eta elkarlan berriak sortu direla azpimarratu nahi dute eta honek Euskal Herrian, Estatu espainolean eta internazionalki Martxoaren 3ko sarraskia ezagutaraztea ekarri du. Besteren artean, hor kokatu behar dira Irlandako Bloody Sunday elkartearekin sortutako anaitasuna. Gasteizek 1976an pairatu zuen erasoa oso handia izan zen: kualitatiboki, eredu soziala eta politikoa kolokan zegoelako; eta, kuant1itatiboki polizia espainiarrak ez baitu inoiz hainbeste lagun erail egun berean. Garciak adierazten duenez, Martxoak 3 erreferente bihurtu da, gure haritik tiraka beste hainbat kasu asko argitara atera  baitira”. Zoritxarrez, 1976ko sarraskia errepresio estruktural baten izeberg punta besterik ez baitzen izan.

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide