Ibiltaria eta buztanikarak

hirinet 2013ko ots. 8a, 12:09

ibiltaria-eta-buztanikarak-Gogoratzen Oscar Wilderen ipuin hura, negualdia printze baten estatuaren ondoan pasatzea erabakitzen duen enara koitadu harena? Ba jarri Gasteizko Ibiltaria estatua famatua printzearen ordez, eta buztanikarak enararen tokian, eta listo, badugu ipuinaren bertsio gasteiztarra.

Buztanikara talde batek lo-tokitzat hartu baititu Arka Plazako hankaluze ospetsuaren ondoko bi magnoliondoak. Arratsero-arratsero, sei eta erdiak aldera, handik pasatzen bazara, goratu begiak eta txori-festa polita ikus dezakezu, buztanikara bakoitza bere gustuko adarra aukeratzeko sesioan.

 


ibiltaria-eta-buztanikarakArabako buztanikarak sedentarioak dira, ez dira neguan Afrikara joaten, baina Europa Erdialdetik eta Iparraldetik epeltasun bila (ejem) etorritako beste ahaide asko elkartzen zaizkie garai honetan. Horrenbestez, ez dakigu Arka Plazako hauek Berantevillan jaioak diren edo Berlinen. Guri bost.

Hala ere, dena esan beharra dago-eta, kontuz ibili gora begira jartzen zaren horretan, zirinik gainean erori ez dakizun. “Ez dago larrosarik arantzarik gabe”, esan ohi da. Ezta ere txoririk kaka egiten ez duenik, erantsiko genuke geuk. Zer egingo diogu ba!

(Izen-sorta polita du buztanikarak han eta hemen, bai euskaraz bai gaztelaniaz: azpizuria, apeztxoria, ildo-xoria, klabelin politta, pinpintxoria, aguzanieves, engañapastores, culiblanco, señorita… eta, Arabako mendialdean, rabicandil.)

 

Egilea: Martin Rezola

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide