Gasteiz Kafe Antzokiaren proiektua 2008an jaio zen, besteak beste, EAko Antxon Belakorturen eskutik. Zeintzuk dira proiektu honen hastapenak eta ibilbidea?
Proiektua 2008an abian jartzen da eta aurreko legealdian Kafe Antzoki bat egiteko konpromisoa hartzen da. Orduan, prozesu parte-hartzaile bat jarri zen abian eta txosten bat landu zuten, non antzokiaren ezaugarriak eta kokapen posibleak aipatzen diren. Baina hor gelditzen da kontua eta legealdi berria hasten da. 2011. urterako Kafe Antzokiaren proiektua martxan jartzeko diru sail bat aurreikusita zegoen eta hortaz, guk hasieratik aldarrikatu dugu hori bete behar dela. Azkenik, PPk proiektuarekin aurrera egiteko konpromisoa hartzen du eta harrezkero, kafe antzokia gauzatzeko ahaleginetan ibili gara. Zertarako Kafe Antzokia? Hemen Gasteizen hainbat arrazoi daude. Azken inkesten arabera, euskararen erabilera geldituta dago, %3,1ean, esaterako. Alde batetik hori normala dela esan daiteke, izan ere, hiriaren barruan funtzio sozial guztiak erdaraz egin behar dira eta zaila da testuinguru horretan hizkuntza garatzea eta hiztunek aukera gutxi dute hizkuntza erabiltzeko. Eta horregatik inportantea da gune batzuk sortzea eta kasu honetan, gune sinboliko bat euskaldunok bertan topatzeko, erabiltzeko, eskaintza kulturala euskaraz egiteko… Horregatik erabiltzen da arnasgunearen metafora, hiriko euskaldunentzat biriki bat izatea. Hizkuntzaren garapenerako ezinbestekoa dela uste dugu.
Azken asteetan gasteiztarrok ikusi dugu nola murriztu zaizkigun kulturarako eta aisialdirako aukerak, hala nola, Aldundiak Euskararentzako aurrekontua erdira murriztuko du, Artium museoaren murrizketak, Montehermoso kulturuneko ekintzen etena eta Gauekoak programaren desagerpena. Honek guztiak eraginik izango du Kafe Antzokiaren proiektua aurrera eramateko?
PPren kultur politikarekin guztiz kritikoak gara. Hiri honetan zeuden, eta gainera oso aberatsak ziren, sare kulturalak desegiten ari da eta okerrena bere ezjakintasuna da. Iruditzen zaigu inolaz ere ezin direla gauza hauek planteatu, hau da, bata eta bestearen arteko lehiak sortu. Osagarriak izan dira beti sare hauek eta Kafe Antzokia, euskaraz funtzionatu arren, beste arnasgune kultural bat izango da. Kulturarentzat, orohar, espazio berriak eman behar dira, modu irmoagoan eta sendoagoan. Biak bermatu behar dira.
Urte hasieran, udal gobernuak diru sail bat aurreikusi zuen proiekturako. Mantentzen al da erabaki hau?
Orain aurrekontu berrien atarian gaude, krisia hor dago eta zifrekin, gobernu aldetik, ez dago gardentasun handirik. Beraz, ez naiz ausartzen datu hauek ematera. Jakin badakigu, dena aurrera doala baina kritika egiten dugu iruditzen zaigulako pasa den urte honetan hainbat hilabeteetan geldirik egon delako gaia eta horrek atzeratu du prozesua eta uste dugu azkarrago joan behar zela. Orain inbertsio bat egin behar dela eskatuko dugu eta horretarako, gero eta adostasun zabalagoa dagoela uste dugu. Izan ere, orain arte, kokapena dela eta ez dela, ezinezkoa izan denez hori zehaztu, diru hori azkenean ez da gastatu eta guk diru hori bere horretan mantentzea exijitzen dugu, datorren urtera pasatzea eta hasierako konpromiso hori betetzea.
Esan bezala, azken hilabeteetan kokapen ezberdinak eman zaizkio Kafe Antzokiari, hala nola, Espainiako Bankuko eraikina, Guridi zinema aretoak eta azkenik, Montehermoso. Behin-betiko erabakia al da? Zuek nola ikusten duzue azken kokapen hau?
Lekua bezain inportantea da proiektua eta bertan zer egingo den eta zer nolako eredua jarraituko duen. Puntu horietan lan egiten ari gara eta lan egiten ari da Gasteiz Kafe Antzokia plataforma. Uste dut gainera nahiko aurreratzen ari dela zentzu horretan eta orain inportanteena da Kafe Antzoki bat izatea. Lekua bigarren mailako kontua da, baina noski, ez da dudarik, leku fisiko bat behar dugula. Hasiera batean, kanpainan Espainiako Bankua aldarrikatu genuen eta iruditzen zitzaigun sinbolikoki eta kokapen aldetik egokia izan zitekeela nahiz eta horrekin arazo batzuk izan. Baina garbi dugu ere hori luzera joko duela, Estatuarena delako. Eta orduan sortu dira beste aukera batzuk, Guridi zinema aretoetan, esaterako. Aukera hori geldirik dago eta badirudi baztertu dela baldintza ekonomikotan adostasunetara iritsi ez direlako. Orain, Montehermoson kokatzeko aukera sortu da eta hori aztertzen ari gara momentu honetan.
Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformako kideek urrian Hirigintza Batzordean parte hartu zuten eta besteak beste, epe batzuk ezartzeko eskaera egin zuten. Hasi al zarete dagoeneko egutegia bat lantzen?
Hemen hirian beste proiektu batzuekin gertatzen den moduan, gauzak gehiegi luzatzea da guk nahi ez duguna, hau da, proiektuaz asko hitz egitea eta azkenean ez gauzatzea. PPri gai honetan oso motel joan dela leporatzen diogu eta lehen bait lehen Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformarekin bildu behar dela uste dugu. Datorren urterako zerbait gauzatzea posible dela uste dugu.
Zer kudeaketa mota izan beharko luke Kafe Antzokiak?
Beste Kafe Antzokietara begiratu dugu eta dagoeneko harremanak izan ditugu batzuekin, beste herrietako ereduak ondo ezagutzeko. Badaude batzuk Gasteizerako oso baliagarriak izan daitezkeenak. Dena dela, euskalgintzak gidaritza izan behar duela iruditzen zaigu eta kudeatzeko formula, kooperatiba izan, fundazioa izan edo dena delakoa izan, hori ere adostu beharreko gauza da. Baina argi daukagu proiektu autogestionatua izan behar duela, hau da, ez diru-laguntzetatik bizi dena, baizik eta kapaza izango dena aisialdi-topagune izateko eta hortik ere dirua sortzeko, proiektua bera, ekintza kulturalak eta beste motatako ekintzak elikatzeko. Hortaz, zabala eta anitza izan behar duela uste dugu eta euskaltzalek hor protagonista. Beraz, formulak beste Kafe Antzokien antzekoak izan daitezke.
Aipatutako plataformaren iritziak pisua al du udaletxetik hartzen ari diren erabaki guztietan?
Nire ustez gero eta pisu gehiago hartu behar du. Gure ahalegina hor dago eta ez da ona alderdi politiko batek, Bilduk edo beste batek, proiektu hau bultzatzea, hots, protagonismoa horrelako plataforma batek hartu behar du, herrigintzatik eta euskaltzaleen mugimenduetatik sortutakoa, alegia. Gero eta protagonismo gehiago eman behar zaiola uste dugu eta proiektuaren gidaritzapena eramaten duena izan beharko litzateke.
Zer aurkituko dute gasteiztarrek Kafe Antzokian?
Bi funtzio bete behar dituela uste dugu. Batetik, espazio bat izan behar da hainbat gauza eskaintzeko: euskal kultura, euskarazko produktuak, euskarazko tailerrak, ikus-entzunezkoak, talde euskaltzaleen topagunea, erakusketak.. Hau da, guk euskararen etxea deitzen diogu horri eta horretarako espazio zabal bat egon behar da. Bestetik, beste espazio bat aisialdira zuzendua, jendearen topagune izango dena eta horrek elikatu behar du bestea. Beraz, bi hanka izatea inportantea da, baita proiektu integralista izatea ere.
Udal gobernuak euskararekiko duen jarrera ikusita (urrian euskalgintzak Udal Euskara Kontseiluan parte hartzeari uko egin zion), ez al zaie gasteiztarrei Kafe Antzokiaren aldeko apustu hau ulergaitza irudituko?
Botila erdi hutsik erdi beteta ikus daiteke. Arlo positiboa zein da? Euskara denona da eta positiboa da euskararen kontrako gizartearen sektorerik ez izatea. Beraz, jarreretan behintzat aurrerapausoa dela uste dugu. Baina, bestalde, badakigu hau aurrera ateratzeko modu bakarra euskalgintzatik eta euskaldun jendearen aldetik benetako indarra egitea dela. Ikusi dugu urte honetan PPk egin duen kudeaketa; ez du inolaz ere proiektu hau lehentasun moduan markatzen eta bere jarrera epela dela esan genezake. Hori horrela da baina ez da sorpresa bat. Eman ez digute ezer emango, hortaz, gogor lan egin behar dugu.
Gasteizko Kafe Antzokia plataformari egindako elkarrizketa HEMEN