Nortzuk osatzen duzue plataforma?
Gasteizko euskaltzale ezberdinez osatutako taldea da gurea, norbanako euskaltzaleok bildu eta antolatu gara.
Zer proposatzen duzue?
Udalean onartuta dagoen, eta talde politiko guztien oniritzia duen proiektua egin dadila. Hots, Gasteizen euskararen aldeko proiektu bat martxan jar dadila.
Udalak GKAren gainean hartzen dituen erabakietan, zuen eskakizunak/iritziak kontuan hartzen al ditu?
Behin bakarrik izan gara udaletxean, Hirigintza Batzordean hain zuzen ere. Ondo hartu, gure hitzak entzun, bai. Baina, hortik aurrera, ezer gutxi. Oraindik ez digute deitu agindu ziguten bilera batera joateko.
Orain arte hartu diren erabaki hauek, adibidez, Montehermoson kokatzea, ondo ikusten al dituzue?
Guk nahi duguna da proiektua definitu, eta dagoeneko hasi gara leku zehatz horretan garatu beharreko proiektu zirriborroa prestatzen. Espero dugu aldaketa berririk ez izatea.
Kokapena zehaztuta, zein da plataformak proposatzen duen kudeaketa mota? Nola izan behar du GKAk?
Oihanederra-Montehermoso jauregikoa behin betikoa baldin bada, lanean hasteko garaia da. Denon artean adostu beharko dugu kudeaketa mota. Guk garbi daukaguna zera da: Gasteizko euskaldunok pentsatutako kafe antzokia izan behar duela, eta Gasteizko euskaldunen beharretara egokitua, jakina.
Pasa den urriaren 26an Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak Gasteizko Udaleko hirigintza batzordean parte hartu zuen. Zer eskatu zenuten bertan?
Udal batza osatzen duten partidu guztien oniritzia, lan batzorde bat osatzea eta epeak eta lan-egutegi bat zehaztea.
Erantzunik jaso al zenuten?
Oso pozgarria izan zen entzutea denek ikusten dutela Kafe Antzokia moduko proiektu baten beharra. Aho batez adierazi ziguten prest daudela beren babesa emateko. Inork ez zuen gaizki ikusten Montehermoso kulturgunearen aukera, nahiz eta batzuk besteren bat izan buruan lehenago.
Baina, horrez gain gauza gutxi. Ez digute deitu lan-batzorde hori osatzeko, eta prentsa irakurriz jakiten dugu euren asmoen berri. Dena den, euren zain egon gabe, hasi gara guk nahiko genukeen Kafe Antzokia irudikatzen, eta ari gara egitasmo bat gauzatzen.