Xabier Zeberio eta Pello Ramirez, “On”

hirinet 2012ko aza. 28a, 10:28

ON-Xabier-Zeberio-eta-Pello

Musika alorrean aztertzeke dauden zerumugak arakatzea, proposamen instrumental apartekoa eta errepertorio atsegina dira Xabier Zeberio eta Pello Ramirez musikari profesional eta entzutetsuek “On” eratzeko hartutako hiru zutabeak. Nickelharpa, Suediako erdi aroan jatorria duen tekladun viola  antzekoa eta akordeoi kromatikoa fusionatuta, barneraino sartzen diren doinuak eskaintzen dituzte marea ezberdinez eratutako kontzertuan, kostaldean kokatuko litzatekeen entzuleari batzuetan akordeoiaren soinuzko olatua ailegatzen zaiolarik, besteetan nickelharparenak egiten duen bitartean, eta beste batzuetan biak elkarrekin uztartuta entzuten ditugularik. Euskal Herriko eta Suediako abesti herrikoiak eta euren konposizio propioek egiten dute gainontzekoa. Emaitza: tirain handiko kontzertua, non beste bat entzuteko gogoarekin uzten duen, doinuotan murgiltzeko nahiaz.

Haatik, zortzi bat kontzertu eman ostean publikoak emandako harreraren jakitun, bi musikariek kontzertua bere horretan jasotzen duen diskoa ateratzea erabaki zuten, berez, hasierako proiektuan disko ateratzeko intentziorik ez egon.

Gure panorama musikaleko bi ezinbesteko dira Zeberio eta Ramirez, Benito Lertxundi, Oskorri, Olatz Zugasti, Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Kepa Junkera, Dulce Pontes eta beste hainbat musikari eta kantagile ezagunekin parte hartutakoak. 1999tik, elkarrekin “Alos Quartet” harizko laukotean jotzen dute ere  Francisco Herrera eta Lorena Nuñez-ekin batera.

Pello Ramirez (Ordizia, 1966) celloa eta akordeoia jotzen duen formazio klasikoko musikaria da, baina espresio modernokoa. Bere ibilbidea bakarlari gisa hasi arren, artista ugarirekin jo izan du, bere hitzetan, “asko lagundu” diona. Bi disko kaleratu ditu, nahiz eta beste hainbatetan ere kolaboratu duen, baita ikus-entzunezkoen musika bandak egiten, kontzertuan jotzen den “Mugaldekoak” telesailarena, kasu.

Xabier Zeberio (Tolosa, 1977), Donostian hasi zituen bere biolin ikasketak bost urterekin, eta bertako goi mailako musika ikastegian bukatu zituen, ondoren Bordeleko Kontserbatorio Nazionalean jarraitzeko. Euskadiko Orkestra Sinfonikoan parte hartu izan du, eta 1997tik Oskorri taldeko kidea da.

Bi musikariak aspaldiko lagunak dira, taula gainean ondo ulertzearen beste arrazoietako bat. Grabazio bati esker deskubritu zuten akordeoi eta nickelharpaz hornituta sonoridade berriz betetako eremu bat bazegoela. 2011tik, publikoari soinuok helarazteko “On” ikuskizunarekin dabiltza herriz herri, eta bertan erortzea erreza den amarauna josiz kontzertu ezberdinekin. “On” dagizuela!

 

Amaia Gartzia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago