'Geu: 20 urteko jarduna' bertsoa

hirinet 2012ko aza. 26a, 10:49

bertsobazkari2GEU: 20 URTEKO JARDUNA

(Doinua: Iparragirre abila dela)


Hogei eta bi urte lehenago

bazen kezkarik Gasteizen:

euskara ikasten zuen hainbatek

nola ez zuen erabiltzen?

Zertarako negarra?

Piztu zitzaigun harra,

batzuk hasi ginen biltzen.

Ezer baino lehen sortu genuen

Geroa Elkarrekin Lantzen.

 


Magisteritzan luzea izan zen

gure bileren bilduma.

Eztabaidetan hau eta beste,

a zer nolako jarduna!

Bazkideen beharra,

gure sortze batzarra,

logotipo bat kuttuna.

Ez lanik gabe mundura erditu

zen GEU (Gasteiz Euskalduna).

 


Mintzatua izan behar euskara,

baita ere leitua.

Aldizkaria sortzeko ere

bazen jende bat prestua.

Lotu gintuen haria

zen GEU aldizkaria,

penaz noizbait bukatua.

Orain Hirinet izango ahal da

behar dugun topalekua!

 


Indartu behar zen euskarazko

egitarau kulturala:

hitzaldi, bertso, kantaldi eta

hamaikatxo gauza hala.

Urteak jira-bira,

hor izan du segida,

eta, lehen ez bezala,

hilabetean behin gurea da

Alde Zaharreko Parrala.

 


Gustura goaz beti euskaldunok

gure ama den izadira,

Elkartzen gaitu mendiak eta

nola ez jarri hara begira?

Hainbat bide urratuz,

hamaika euskaldun batuz

Toloñotik Aizkorrira,

ze aspaldian esan genuen:

Zatoz GEUrekin Mendira!

 

 


Pin txiki batez joan izan gara

dendarien ingurura.

“Zuk nahi baduzu euskaraz” dugu

lotu gaitzakeen aingura.

Nola jardun gehiago,

eraginez oparo?

Orain dator akordura,

Ia hamar urtez arrakastatsu

den Irakurleen Kluba.

 


Gazte batzuek berritu dute

elkartearen jarduna,

hizki larritan jar genezake

Ainhoak erein ziguna.

Kalakan buruz buru,

seiehun lagun inguru,

ekintza arrakastaduna,

Aspaldi honetan indartsu dabil

Gasteizko Mintzalaguna.

 


Hogei urtetan bilduak gara

hainbat jende elkarrengana,

baina oraindik ez da ederra

euskaldunon panorama.

Zer dugu euskalgintza

indartzearen giltza?

Gozamena eta afana.

Odol berria ez da soberan,

handia delako lana.

 


Xabier Rico (Kakiturriko bertso koadrilaren laguntzaz)

Gasteiz, 2012ko azaroaren 24a

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago