"Nairobitarra, 30 urte bidaian" Josu Iztuetari elkarrizketa

Euskararen Agenda 2012ko aza. 22a, 11:16

 nairobitarra_5Hogei lagun, autobus bat, bidea... bidaia!! Nairobitarra "amets-proiektuaren" sortzaileetako bat da Josu Iztueta. Orduko ilusioa eta motibazioa mantentzen baditu ere beste motatako bidaiak antolatzen ditu orain. Europan zehar euskaraz bidaiatzeko aukera ematen du egun Nairobitarrak.

Azaroaren 27an, asteartean, Josu Iztuetak "Euskal migrazioen istorioak" ikus-entzunezkoa emanaldia eskainiko du Gasteizko Parral tabernan, GEU elkartearen eskutik. Bitartean, hemen duzue Iztuetari egindako elkarrizketa.

Orain 30 urte jaio zen amets horretatik zer geratzen da gaur?

1980an hasi ginen "fisikoki" autobusa prestatu eta bidaiak egiten baino urte batzuk lehenago, bizikletaz, furgonetaz, lagun artean... asko mugitzen ginen.

Orduko ilusioa eta motibazoa mantentzen ditut, bitartekoak aldatu dira noski. Orain ez dugu 20 lagunentzako autobusa; zortziko taldetxo bat mugitzeko furgoneta da orain gure garraioa, jatetxea eta ostatua.


Sizilian barrena egin duzuen azken bidaiako anekdotaren bat...

Aurten udaberrian eta udazkenean egon naiz Sizilian, hango hiriak, hondartzak eta sumendiak bisitatzen. Leku berdinera joan arren, urte sasoiaren arabera bi toki ezberdinetan egon zarela dirudi.

nairobitarra_2

 

Edozeinek har dezake parte horrelako bidaia batean edo abenturazalea izan behar duzu?

Noski edozeinek parte har dezakela. Gure bizitzan alde batetik bidaiak egon dira eta bestetik espedizioak. Bidaia "normaletan", nolabait esateko, besteen oporrak gure ardura eta lana dira; gauza gehienak aldez aurretik lotzeko moduan izaten gara. Espedizioetan aldiz, lagun taldea joaten gara, ustekabeak, arriskuak, gastuak, sustoak eta disgustoak denon artean banatzen ditugu.


Euskara da Nairobitarraren eta Nairobitarzaleen berezko hizkuntza. Baina, soilik euskaldunek dute zuekin bidaiatzeko aukera?

Euskaraz funtzionatzen dugu ia ia beti baina ez da hizkuntza bakarra, euskara erakargarri egiteko bestemodu bat dira bidaia eta oporrak. Gero lekuan lekuko hizkuntza ezagutzeko zailtasunak daudenean, bertakoekin ingelera, frantzesa...


nairobitarra_1Haur-jolasa, bidaia eskola... birsortzeko ahalmen itzela du Nairobitarrak. Bestelako ideiaren bat duzue buruan?

Saiatu gara bai, bidaiak mundua ezagutzeko ematen duen aukera zabaltzen. ARGIA aldizkarikoek proposatuta egin genuen Mahai-jolasa eta Ipuin liburua.

Geroztik bi pisoko autobus zahar batean Bidaia Eskola prestatzen jardun gara (orain geldi samar dago proiektua), Bidaiarien Txokoan buru belarri ari garelako. Antxon Bandres izena darama eta bertan liburuak, mapak, aldizkariak... daude eta tailerrak, hitzaldiak eta tertuliak antolatzen ditugu. Autogestionatzen eta autofinantziatzen diren asmoak dira biak ala biak. 

 

Egun, "Nairobitarra" Europako lurraldeak bisitatzen ditu nagusiki, ezta?

Ameriketako bidaiak 2002. urtean utzi eta gero furgonetaz gehien bat Europan mugitzen naiz: Turkia, Eskandinavia, Sizilia, Islandia, Alpeak... baino hemendik kanpo ere banabil tarteka: Zeelanda berria, Nepal... horretarako hango azpiegituraz baliatu behar.


Faltan botatzen duzu bidaia luzeek eragiten duten zirrara?

Bai, faltan botatzen ditut bidaia luzeak! Azken urteetan gurasoen zaintza dela eta "esku frenua" emanda egon naiz. Ez naiz geldirik egon baino ez naiz nahi beste ibili.


Josu IztuetaEgingo ez zenukeen bidaiarik al da?

Muturreko arriskua duten bidaiarik ez dut uste egingo dudanik. Arriskutsu diot baldintza oso gogorrak direnean (fisikoak, klimatikoak...) edo gizakiak berak sortutako egoera bortitzak (gerra, liskarrak...). Jakin badakit etxe ondoan ere ustekabean hil zaitezkela!


Zer da zuretzat bidaia?

Niretzat bidaia nondik norakoa baino gehiago da, "kuriositatea". Jakinmina, ilusioa, errespetoa, komunikazioa dira beharrezkoak. Hortik aurrera datorrena datorrela!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide