Euskaltasunean lagun… Joseba Donés

hirinet 2012ko aza. 16a, 09:22

Joseba-DonesJoseba Donés orain dela 57 urte jaio zen Arabako Lautadan, Agurainen hain zuzen. Euskara herriko gaueskolan ikasi zuen eta mintzatzeko aukerak zabaldu nahian Mintzalagun egitasmoan parte hartzea erabaki zuen. Hasierako mintzalagun taldekideekin biltzen jarraitzen du ostiralero Arana auzotik.

Zuri buruz kontatu nahi diguzun zer edo zer...

Agurainen eman nuen haurtzaroa, Gasteizko seminariora joan arte, gero Ramiro de Maeztu institutuan bukatu nuen batxilergoa, eta berehala, eraikuntza enpresa bateko bulegoan, lanean hasi nintzen eta beste bi enpresetan lana egin eta gero, azkenengo honetan 13 urte daramatzat. Oraingo emaztearekin ezkondu nintzen eta bi alabekin familia gauzatu dugu. Emaztea, ni bezala, Arabako lautadakoa izanez, gure familiak eta harremanak Araban dauzkagu. Mendian ibili eta argazkiak egitea gustatzen zait.


Noiz eta nola ikasi zenuen euskara?

Gaztaroan, Aguraingo gaueskolan. Errebindikazio garaiak ziren eta niretzat euskara izan zen horietako bat.


Noiz hasi zinen Mintzalagunean, zergatik?

Orain dela bost edo sei urte, hemen Gasteizen hasi zenean. Euskaraz mintzatzeko oso aukera gutxi nuen. Nahiz eta, emazte eta alabekin euskaraz egin, gero, aspaldiko lagun batzuekin, nahiz euskaldunak izan, hasierako harremanak erdaraz izanda, oso zaila suertatzen zait euskaraz mintzatzea, orduan harreman berriekin euskaraz egitea errazago dut.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Ia bi ordu elkartzen gara ostiralero eta pote, edo zurito batzuk hartu mintzatzen garen bitartean, horretaz aparte ere, asteburu batzuetarako planak prestatzen ditugu.


Zer esango zenuke zure Mintzalagun kideen inguruan?

Talde jatorra! eta ondo pasatzen dugu.


Gasteiz gero eta euskaldunagoa dela esango zenuke? Non entzuten da gehiago euskara?

Nik baietz uste dut, eta batez ere gazteen artean. Gainera, tabernetan edo dendetan askotan gazteek lan egiten dutenez, gero eta gehiago entzuten da.


Oporrak non eta zertarako?

Euskadin eta irtenalditxo bat Pirinioetara. Patxadan egoteko.


Liburu bat?

‘Profundidades’, Henning Mankell-ena.


Film bat?

‘Bypass’, Aitor Mazo eta Patxo Telleríarena. Barre egin nuen gustura.


Zein ekintza kulturalean parte hartu duzu azkenaldian?

Euskadiko Orkestra sinfonikoa entzuten, Printzipal Antzokian.


Gasteizko txoko bat, zergatik?

Armentiako basoa, aukera asko ematen ditu  ibilalditxo ezberdinak egiteko.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Egia esanda oso aukera gutxi daude. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide