Denboraren bizkarra

hirinet 2012ko aza. 13a, 09:13

ObrakwebtxikiGaur, aspaldiko partez, obra batzuen ondoan geratu naiz. Paseatzailea batzuetan burua laino artean duela ibiltzen da, bere burutazioetan bilduta, eta besteetan inguruko gauzekin begiei bazka emanez, inoiz erreparatu gabeko detaileen bila, kale eta plazetako aldaketa txikienei erne. Tokietan ia oharkabean gertatzen diren aldaketek pizten dute hiriko ibiltariaren ikusmina, baina bada gauza bat ikusmin hori beste ezerk baino hobeto asetzen duena: obrak, tokien itxuraldaketa momentuan bertan bizitzea.

 

Krisiaren eraginez asko gutxitu dira obrak; horregatik poztuko ziren hainbeste abenidako obrekin denbora zertan pasa ez dakiten jubilatuak edo besteren kontura gaizki esaka jardutea beste entretenimendurik aurkitzen ez dutenak. Herri lanetarako dagoen diru faltaz gain, bestelako oztopo asko ditu obrei begira egoteko denbora-pasa honek, azken aldian denak hesi metalikoz babesteko zabaldu den ohitura zoritxarrekoa, esate baterako.

Horregatik izan dira pozgarriak jende askorentzat barneko eraztun berdea dela eta abenidan hasi dituzten lanak, eta horregatik geratu naiz neu ere sare metalikoaren ondoan, aisiaz gainezka dauden zahar batzuen ondoan. Eta horrela nengoela, inguruan nituen jubilatuek zer esaten zuten entzuten jarri naiz, eta nire atzekoek ziotenarekin harrituta geratu naiz. Lepoa jiratu eta bi gizon edadetu ikusi ditut: bata ile zuri ugariko gizon altu ihar bat, sudur luze eta aurpegi zorrotzekoa, hizketa bizikoa (Inozentzio deituko diogu), eta bestea aurpegi borobileko txapeldun lodikote bat, keinu eta hizkera pausatukoa (honi, berriz, Prudentzio izena jarriko diogu). Zaharren jardunei buruzko topikoak hausteko modukoa izan da entzun dudana. Hona hemen gutxi gorabehera, gaztelania gihartsu batetik euskara txepel batera ekarrita, haien jardunetik gogoan geratu zaidana:

 

Prudentzio: Gure aita zenak esaten zuen adin batetik aurrera entretenimenduren bat behar dela. Gustuko denbora-pasa bat duenak moztu ederra ematen dio egunari. Bestela luzeegia egiten da.

 

Inozentzio: Bai. Adinean aurrera egin ahala, egunak gero eta luzeagoak egiten dira, eta urteak gero eta laburragoak. Gero eta polikiago pasatzen dira orduak eta egunak, baina urteak gero eta azkarrago.

 

ObrakwebPrudentzio: Bai, hala da. Ni saiatzen naiz eguna zereginez betetzen, horrela azkarrago joango zaidalakoan, eta urteak mantsoago...

 

Inozentzio: Zuk behintzat entretenimendua badaukazu bilobekin-eta

 

Prudentzio: Mutilzahar ez geratzea asko zenuen! Baina, tira, ezin hasiko gara orain betikoarekin, urteak gero eta azkarrago pasatzen direla eta kexatzen.

 

Inozentzio: Bai, hori dena gauza jakina da, denoi pasatzen zaiguna. Baina niri azken aldi honetan beste gauza bat ari zait gertatzen.

 

Prudentzio: Denborarekin?

 

Inozentzio: Bai. Azaroan gaude, badakit, eta urtero gertatzen direnetako gauza asko paseak dira: San Prudentzio eguna, udako festa guztiak, Olarizukoa..., baina nik daukadan sentsazioa da oraindik ere udaberri hasieran nagoela, horiek denak gertatu

aurretik banengo bezala. Gertatu diren gauza guztiak oraindik ere etortzeko daudela sentitzen dut, oraindik ere bizitzeko dauzkadala.

 

Prudentzio: Bai, datorren urtean.

 

Inozentzio: Ez, ez da hori. Nire buruaren alderdi batek badaki pasa direla, baina beste alderdiak oraindik ez dituela bizi sentitzen du.

 

Prudentzio: Gauza bitxia, benetan.

 

Inozentzio: Bai, niretzat ere berria da. Gauzak usaindu ere egin gabe pasatzen zaizkit orain. Konturatzerako pasa dira. Gertakizunen bizkarra bakarrik ikusten dut, denborak ni alde batera utzi eta aurrera segituko balu bezala, edo nire gainetik pasa eta bazter batean utziko banindu bezala.

 

Prudentzio: Ez dut egundo holakorik entzun. Hori ere zuri gertatu behar, Inozentzio!

 

Inozentzio: Ez zitzaidan orain arte inoiz gertatu, baina dena beste urruntasun batekin hasi naiz bizitzen, munduaren eta nire artean dagoen tartea gero eta handiagoa balitz bezala, bizitzatik urruntzen ari banintz bezala. Oraindik ere etorri behar duten gauzak balira bezala sentitzen ditut dagoeneko pasa direnak. Pasa dira eta ez dira pasa. Hanka bat mundutik kanpo banu bezala sentitzen naiz. Banago, baina ez nago.

 

Prudentzio: Ba, nire hankak mundu honetan daude biak, eta daudela lurraren gainean urte mordo batean!

Burrundara handi batek eten du bi zaharren jarduna. Lanean ari den hondeamakinaren ondoan zerbait erori da, eta hauts laino bat altxatu da. Inguruko begirale guztiak erne jarri dira, eta batzuen eta besteen iruzkinekin zurrumurru ozen bat nagusitu da. Atzera begiratu dut Inozentzio eta Prudentzio zertan ari diren ikusteko, baina ez daude. Erori den kargak sortu duen zalapartak uxatu ditu, nonbait. Urrutirago begiratu, eta hor ikusi ditut biak plazako iturri aldera doazela, burumakur, beren solasean murgilduta.

 

Egilea: JM Segurola

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide