Irizpide linguistiko zentzudunago baten alde

hirinet 2012ko aza. 12a, 08:58

MARTIN-REZOLA

Martin Rezola

 

 

Urriaren 6an manifestazio handi bat izan zen Gasteizen Frackingaren aurka. Bukaeran, Foru Plazan, euskaraz oso txukun jardun zuen antolatzaileetako batek denbora luze samarrean. Eta gero gaztelaniaz. Alegia, euskarari lehentasuna emanez, nahiz eta entzuleen artean Euskal Herritik kanpoko jendea egon. Txalo!

Eta ez da batere harritzekoa, aurrekanpainan ere euskara duintasunez erabili zutelako materialak, propaganda eta abarrak lantzerakoan. Alabaina, puntu batean kale egin dutela iruditzen zait eta ahulezia hori baliatu nahi nuke arazo orokortzat hartu litekeen kontu bat aztertzeko.

Izan ere, manifestazio handiaren aurretik oso aurre-kanpaina ona egin zuten herriz herri, auzoz auzo, informazioa zabalduz. Ni ere joan nintzen horietako hitzaldi batera, Gasteizen, baina propaganda ikusita, zalantzan gelditu nintzen: hamar hitzaldi zeuden iragarrita Gasteizko gizarte-etxeetan; nik ikusitako afitxak euskara hutsez zeuden, baina ez zuen zehazten hitzaldiak zer hizkuntzatan izango ziren. Bai, asmatu duzue, hitzaldiak gaztelaniaz ziren. Badakit, ordea, beste hainbatetan euskaraz ere eman dituztela, baina betiere “halako tokitik eskatuz gero”.

Frackingarena adibide bat besterik ez da, baina esanguratsua. Horrelakoetan normalean ez da hizkuntz irizpiderik jartzen, eta komeni da horretaz gogoeta egitea. Eta konplexurik gabe jartzea hitzaldi bat, bisita bat, erakusketa bat, batzar bat… ze hizkuntzatan izango den.


Euskaraz edo gaztelaniaz? Euskaraz eta gaztelaniaz? Biak batera, partaideen arabera? Azken hori oso instituzionala da, eta kalte handia dakarkio euskarari, arrain handiak arrain txikia jaten duelako beti. Joera hori oso zabalduta dago nonahi, dela eskolako gurasoen batzarretan, langileen batzarretan eta abarretan, eta mingarria da, sarri, ardura beharko lukeenak airera botatzen duen galdera hori: “bueno, nola egingo dugu bilera, euskaraz ala gaztelaniaz? Bakoitzak egin dezala nahi duena?” Izan ere, euskarak bere espazio propioa behar du, bestela alferrik da. Luistxo Fernandezek oso ondo deskribatu zuen egoera hori Sustatun . Batzuetan ez da posible izango, baina segregazio linguistikoa da bide bakarra. Gurean ere berdin.


Langintza horretan, interesgarriak dira, oso, euskalduna identifikatzeko erabiltzen diren pinak, euskaraz egitera animatzen duten afitxak eta horrelakoak (entzuna dugu Osakidetzan martxan jarriko dutela horrelako ekimena, baina ez dakit noiz).


Gune honetan bertan euskara gehiago erabiltzeko errezeta interesgarri batzuk eman zituen lehengoan Iñaki Mtz de Lunak. Izan dadila neure hau errezeta zehatz praktiko eta eraginkor baten aldeko proposamena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide