Harkaitz Canori, narratibako Euskadi Sariaren irabazleari, elkarrizketa

hirinet 2012ko aza. 6a, 09:14

harkaitzcanowebHarkaitz Cano idazleak narratibako Euskadi saria irabazi berri du ‘Twist’ eleberriagatik, datorren azaroaren 22an Gasteizko Irakurle Klubean aztertuko den lana, hain zuzen ere. Egun horretan, euskarazko literaturaren txoko horretara hurbilduko da idazle lasartearra, gasteiztar irakurzaleekin obra sarituaren inguruan hausnarketa egitera. Bitartean, eta aperitibo gisa, Harkaitz Canori egindako elkarrizketa eskaintzen dizuegu.

Lehenik eta behin, zorionak irabazi berri duzun sariagatik. Izan ere, asko dira zure ibilbidean eskuratu dituzun sariak. Ilusio berdinarekin hartzen al dira horrelako berriak?  

Sariak pilatzeak berak baino, sarien emaileak diferenteak izateak ematen du poza: kritikak lehenbizi, irakurzaleek gero eta zure profesioko jendeak onartua izatea eskertzekoa da beti, nahiz eta kontziente izan sarien kontu hau subjektiboa dela. Jendea liburu batzuen alde jartzen da batzuetan (baita irakurri aurretik ere!), eta hori ez dago idazlearen esku bakarrik. Ezta lanaren literatur kalitatearen esku ere, soil-soilik. Dena den, saririk onena irakurleen inplikazioa da, haiek liburuari eransten diotena eta literaturari esker bidean ezagutu dudan hainbat jende. Eta ez gaitezen engaina, sariak zerorren egitasmo pertsonaletarako -ekonomikoki bideragarri izan ohi ez direnak- denbora "erosteko" modua ere badira, euskal idazleok ez gara aparretan bizi, hain xuxen.


Behin sariak “istripu dultzeak” direla esaten entzun nizun. Oraingoan bigarren aldiz jaso duzu Euskadi Literatura Saria. Berriro ere “istripua” izan dela uste al duzu?  

Bai horixe, gauza bera pentsatzen dut! Literatura sarien arrabotsetik urrun sortzen da. Gauza batek ez dauka zerikusirik bestearekin.


Gazte-gazte zinela ekin zenion idazteari. Sortzetikoa edo ikasitako kontua al da idazlea izatearena?  

Istorioak kontatzeko grina edo pasio hori litekeena da neurri batean sortzetikoa izatea, baina gehienok dugu gaitasun hori, aldez edo moldez. Egia da gaitasun horrek ez duela gero ezertarako balio zure inguruan sustatzen ez bada eta lanari emanda bizi ez bazara. Garrantzitsuena zure talentua eta zure anbizio maila bat etortzea da: talentu eduki eta anbiziorik ez izatea, anbizioa izan eta talenturik ez edukitzea bezain tragikoa suerta liteke.


 

harkaitzcanoweb2Txikitatik argi al zeneukan literatura jarraitu nahi zenuen bidea zela?  

Esan dezagun nerabezaroan deskubritu nuela literatura tresna boteretsua zela, mundua ordenatzeko modu bat. Gero liburuak idazten hasten zara eta adinean aurrera egiteko zure modua idaztea bera bihurtzen da. Denbora enkapsulatzeko era bat da.

 

 


Poesia, nobela, ipuinak entseguak, gidoiak, antzerkia, komikiak… Genero guztiak landu dituzu gero. Baina zeinetan sentitzen da Harkaitz Cano erosoen? 

Erosoen narrazio laburrean. Baina gehien gustatzen zaidana istorio bat kontatzerako orduan istorio horri dagokion "sistema eragile" propioa asmatzea da. Liburu jakin bati soilik dagokion mekanismo bat sortzea, gero autosuntsitu egingo dena. Eta hurrengo liburuarekin zerotik hasi behar duzu berriz.

 

 

 

Zure obran askotan landu duzu surrealismoa, baina oraingoan, ‘Twist’ nobelan errealitateak protagonismoa hartzen du, izan ere, eleberrian errealitate bat kontatzen duzu fikziozko pertsonaia batzuen bitartez, ezta? 

Nire gaztetako irakurketa zenbait oso lotuak zeuden absurdoaren teatroarekin: Beckett, Ionesco... Behin eta berriro aipatu izan dut "Emakume abeslari burusoila" irakurtzeak zer durduzadura eragin zidan. "Hau ere egin daiteke?" esan nion nire buruari. Txundituta geratu nintzen ikustean antzezlan horretan ez zela emakume abeslaririk agertzen eta ezta burusoilik ere. Zer disparate ederra, zer muturreko askatasuna! Ordea, surrealismoa eta irrazionalak diren gauzak, errealismoan sartzeko ate bezala erabiltzea gustatzen zait, ez jostaketa bezala soilik. "Twist" errealistagoa da zentzu horretan, nahiz eta hainbat pasartetan -lehen atalean bereziki- nabari den oraindik mundu lisergikoarekiko kerentzia hori. Azken finean, Obelix edabe magikoaren pertzara bezala, ni absurdoaren pertzara erori nintzen. Horrek betirako markatzen zaitu.


 

Dantza baten izena izenburutzat duen lan hau gure historia hurbilaren pasarte gordinak fikzioaren ispiluan islatzen duen istorioa da. Zergatik izenburu hori? Zerikusirik al du kontatzen duen istorioarekin? 

Bi motatako izenburuak jar daitezke: liburua zabaltzen dutenak eta liburua ixten dutenak.  Gehienetan, izenburuak azaldu egiten du liburua, pistak ematen ditu istorioari buruz, barnebildu egiten du gero datorrenaren metafora. Baina nire ustez zilegi da kontrakoa ere, hau da, liburua itxi egingo duen teloi bat, ezkutatu egingo duena nobela, kontrastez jokatuko duena, gero datorren guztiarekiko kontrapisu efektua sortuko duena. Horixe da "Twist": dantza alaia eta friboloa, elkarri begira dantzatzen dena baina elkar ukitu gabe, liburuko pasarte gordinak orekatzera datorren izenburua, nolabait. Badago twist dantza bat eleberrian, baina oso laburra da eta ia-ia amaieran heltzen da: uler liteke luzea dela zorionerako bidea eta gutxi irauten duela...


 

Adiskidetasuna, gerra zikina, maitasuna, justizia eta errua dira, besteak beste, 400 orrialde baino gehiagoko liburu honetan ukitu dituzun gaiak. Zein da irakurleak topatuko duen istorioa? 

Zirkulu kontzentriko ezberdinak dituen istorioa da: jatorria 80. hamarkadan torturatu eta kare zuritan lurperatu zituzten bi lagunen eta haien adiskide zen hirugarren baten arteko harremana da. Krimen horrek izan zituen ondorioak aztertzen ditu klabe ia poliziakoan. Baina istorioa zirkulu ezberdinetan hazten doa, pertsonaia sorta askotarikoan hedatuz: itsu geratzen ari den editore bat, artista plastiko bat, politikari bat eta haren emaztea, kazetari bat... Pertsonaia hauetako askok euren istorio propioa dute, atal autonomo samarrak izateraino zenbaitetan.


 

harkaitzcanotwist-azalaMina erauzia izan zaion liburua literatura ez dela diozu. Mina sortarazi al dizu liburu hau idazteak? 

Horrekin esan nahi dut min, kezka edo obsesio batetik abiatzen direla niri interesatzen zaizkidan liburuak. Mina eta arrazoia kontrajarriak egon ohi dira askotan, baina elkarren kontra talka egiten duten bi kontzeptu horiek harremanetan jartzea dagokio sortzaileari. Zauria hor dagoela jakin behar da, batzuetan amildegira hurbildu, eta beste batzuetan aldentzen ere jakin. Orrialde gordinak atera zaizkit, baina baita zoriontsuak ere tarteka. Artearen bidez erredentzioa lor ote daitekeen ere aztertu nahi nuen.


 

Hurrengo azaroaren 22an Gasteizko Irakurle Klubean parte hartuko duzu, hain zuzen, zure azken lan hau aztertzen. Suposatzen dut aberasgarria izango dela zuzen-zuzenean zure irakurleen usteak, iradokizunak, hausnarketak ezagutzea….  

Dudarik gabe. Oso irakurle trebatuak elkartzen dira Gasteizko Irakurle Klubean, eta beti da interesgarria sortzen den solasaldia. Idazlea iragazkorra da, gaurko solasaldietan entzundakoek eragina izan dezakete etorkizunean idatziko dituen gauzetan.

 

 

 

 

 

Argazkiak: Sushi Maky.


 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide