Euskaltasunean lagun… Iñigo Larramendi

hirinet 2012ko urr. 31a, 09:39

euskaltasuneanIngo-LarrameIñigo González Ruiz de Larramendi, L´Hospitalet de Llobregaten sortu zen orain dela hogeita hamazortzi urte. Aurtengoa bere laugarren urtea da Gasteizko Mintzalagunean, eta hasierako taldekideekin elkartzen da ostiralero Aldapa tabernan.

Noiz eta nola ikasi zenuen euskara?

Ikastetxean; duela urte dezente, beraz... Irakatsitako maila nahiko apala eta motela zenez, nire kabuz ere apur bat ekin nion.


Noiz hasi zinen Mintzalagunean, zergatik?

Duela 3 urte, aurten 4. urtea izango da. Euskara oso gutxitan erabiltzen bainuen, eta hitz egiteko erraztasuna azkar galtzen ari nintzela nabaritzen nuelako.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Gehien bat, astean zeharreko albiste nagusiei buruz edo norberak izandako pasadizoei buruz hitz egiten dugu. Noizbehinka ere, hitz-ordu interesgarriren bat gertu egonez gero, horretaz ere mintzo ohi gara.


Zer esango zenuke zure Mintzalagun kideen inguruan?

Oso jende jatorra eta kementsua dela. Mintzalagunak ez ezik, lagunak ere bagarela esango nuke.


Lau urtez hartu duzu parte mintzalagunean, nola baloratuko zenuke orain arteko ibilbidea? Anekdotarik edo gauza bitxiren bat aitortzeko modukoa?

Oso era positiboan baloratuko nuke. Hizkuntza bat berreskuratzeko, gune elebakarrak sortzea ezinbestekoa da, eta ahalegin horretan partaide izatea harro egoteko modukoa da.

Anekdotarik bitxiena (eta ezagunena) gure lehenengo urtean gertatu zen, Arabako Koadrilen arteko Bertso Txapelketan, ia ohartu gabe, finalera iritsi ginenean. Oso urduri ginen finalean, baina merezi izan zuen. Niri behintzat „me codmó de odgullo y satisfasión“, hori onartu behar dut.


Oporrak non eta zertarako?

Munduko edozein txokotan, oso bidaia zalea naiz eta.... Euskal Herrian, Iratiko oihanean eta Xiberuko Basabürüan, bertako baso eta haitzarteetan nire burua galtzeko, bertan hegaztiak bezain libre sentitzen naiz eta. Atzerrian... Pragan, Polonian edo Kaukaso aldean, besteak beste.


Liburu bat?

Aspaldi honetan, Maquiaveloren Printzea liburua. Ikaragarria iruditu zait gaur ere indarrean diren politikaren irizpide eta jokabide nagusiak nola agerian uzten dituen, oso era gordinean. Oro har, saiakera historikoa dut oso gustuko; jendeari astuna egiten ohi zaio, baina ni orainaren eta etorkizunaren gakoak bertan aurkitu ditzakegulakoan nago.


Film bat?

Marx anaien Sopa de Ganso filma. ...aitortzen dut, marxista naiz.....


Musika talde bat?

La Polla, Depeche Mode....


Zein ekintza kulturalean parte hartu duzu azkenaldian?

Arabako Mintzalagun Egunean. Eta irabaztea merezi genuen, ze demontre…


Gasteizko txoko bat, zergatik?

Salburuako aintzirak. Naturan murgiltzeko edo lasaitasuna aurkitzeko leku paregabea da, eta etxetik oso gertu dago. Urte sasoiaren arabera, zeharo aldatzen da, gainera. Oso hiri gutxitan goza daiteke halako altxorraz.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Zorionez, euskaraz bizitzeko gero eta aukera gehiago daude, baina euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko asko geratzen zaigu. Hainbat gasteiztarrentzat, tamalez, euskara ez da existitzen eta, oraingoz, arrotzak gara geure herrian.


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide