Abel Enbeita, Cuadrabus, Gometegui, Assa Ikastola eta Villa Lucía, Lazarraga Sarien irabazle

hirinet 2012ko abe. 3a, 13:26

lazarragafinalistakAurreko ostiralean Lazarraga Sarien bigarren edizioko irabazleen izenak ezagutzera eman ziren eta hauek izan ziren: Abel Enbeita bertsolaria, Cuadrabus garraio enpresa, Gometegui bulego teknikoa, Assa Ikastola eta Villa Lucia ardandegia. Aurten guztira 51 hautagai aurkeztu dira bost kategoriatan Lazarraga Sarien bigarren ediziora eta horien artetik 15 izan dira finalista, hauen artean GEU elkartea.

Abel Enbeita izan da ekintza aipagarriren bat egiteagatik edo hizkuntza zerbitzuan aldaketa bat egiteagatik ematen den sariaren irabazle, Arabako bertsolaritzan eta hainbat neurritan kulturgintzan egindakoa lanarengatik.

lazarragaabelHizkuntza-paisaian euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik ematen den saria Cuadrabus garraio enpresarentzat izan da. Enpresa hau euren hizkuntza paisaian euskara txertatzeko era integralean eragiten ari da, Cuadrabuseko instalazio guztietan elebitasuna bermatzea helburu hartuta.

Horrez gain, Gometegi bulego teknikoarentzat izan da barne-harremanetan euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik ematen den Lazarraga Saria. Lehentasunez zein behar zituzten identifikatu ostean, fitxa teknikoak sortzea erabaki dute. Horien bidez industriako lan prozesuak euskaraz azaltzen dira modu grafikoan enpresako langileek uler eta erabil  ditzaten.  Hurrengo urratsa inguruko eskoletako ikasleei euren asmoaren berri ematea da, hala enpresara praktikak egitera joaten direnean, euskaraz lan egiteko modu horren berri izan dezaten.

Euskara sustatzeko ekintza berezi eta eraginkorren bat garatu duen entitateari ematen zaio saria Assa Ikastolarentzat izan da 1978 urtetik hona euskararen normalizazioaren aldeko lan garrantzitsua egiteagatik egunez egun. Eskualde osoan erreferente bihurtu da  eta gizarte elebiduna lortzeko bidean bera da eragile nagusia. Ikastolako komunitate osoak- irakasle, guraso, ikasle eta ikasle ohiak- ere helburu berarekin dihardu. Assa Ikastolarekin batera sari hau jasotzeko izendatuta zeuden Geu Elkartea eta Artepan ere.

Azkenik, Villa Lucia ardandegiak irabazi du kanpo harremanetan euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik ematen den saria.

lazarragairabazleakLazarraga Sariketako epaimahaia ondoko hauek osatu dute: Blanca Lacunza, Arabako Foru Aldundiko Ekonomi Sustapenerako zuzendaria;  Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiria Elkarteko zuzendaria; Karmele Jaio, arabar idazlea; Patxi Martínez de Marigorta, Gasteizko Udaleko Euskara zerbitzuburua; Maria Fernández de Romarategi, Merkataritza Ganbarako Merkataritza arduraduna; Beñat Mendiguren, Amurrio udaleko Euskara teknikaria eta Jokin Larrañaga, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko burua.

Irabazleek, Lazarraga arabar idazlearen eskuizkribuaren kopia eta haritzez egindako hilarri-eskultura bana jasoko dute, eta gainontzeko hautatu finalistek euskararen normalizazioaren alde egiten duten lana jasotzen duen diploma, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago